Gaur goizaldean, 18 eta 24 urte bitarteko bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Getxo udalerriko fruta-denda batean lapurtu dutelakoan. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, goizaldeko ordu biak aldera, Ertzaintzako patruila batek Avanzada inguruan zebilen turismo bat geldiarazi du ezohizko maniobrak egiten ibili delakoan. Auto barruko bost gizonezkoak identifikatu ostean, kotxean zizelak, suhatzak, aizkora bat, bihurkinak, eskularruak eta txanpon ugari zeukan poltsa bat atzeman diete poliziek. Momentu horretan, ertzainek Getxoko fruta-denda batean indarkeriazko lapurreta bat izan dela eta testigu batek hainbat gazte tokitik ihesean ikusi dituela jakin dute, bertsio ofizialaren arabera. Polizia iturriek adierazi dutenez, ertzainek beharrezko egiaztapenak egin eta identifikatutako bost gazteak atxilotu dituzte ustezko lapurretagatik.