Bihar hasita iraileko ostiral guztietan musikarekin hitzordua izango dute Erandioko auzotarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 2a, 16:14

Erandioko Gazteria Zerbitzuak hainbat musika kontzertu antolatu ditu iraileko ostiral guztietan dixie, jazz, blues, eta abarreko estiloak konbinatzen dituzten bandekin. Ekitaldiak itsasadar ondoko Txurruka pasealekuaren toki berrian izango dira arratsaldeko 8etatik aurrera. Ostiral honetan, irailak 3, Marmara Dixieland Band taldeak joko du. Talde horrek jazz tradizionala jorratzen du, New Orleansekoa eta swing-a bereziki. Hurrengo astean, irailaren 10ean, Euskal Herrikoa izan arren New Orleanseko musika egiten duen Mac Jeara’s Band taldeak hartuko dio errelebua aurrekoari. Horiek, aurrekoak bezala, eszenatokian nahiz marching band (hots, kaleetan zehar jotzen ibili) jardun daitezke jazz estiloa jorratuz. Hirugarren emanaldian, irailaren 17an, Le Soul talde bizkaitarrak soulfunky estiloarekin arituko da Erandion. Azkenik, irailaren 24an, Jazz Fusion Deluxe taldeak emango dio amaiera musika emanaldiari. Banda honek rock’n’rolla, jazz sesioa, funk edota reggaea eskaini dezake txiste, antzerki eta beste hainbat gauzekin batera. Argazkian, Mac Jeara's Bandek orain dela hiru urte jo zuen Astrabuduan / © Mac Jeara’s Band.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun