Aselek beti aitortu du bere gogoa Maputxen herrialdean bizitzea dela, han baititu bere lagunak eta bere bizitza eta hortik datorkio Gabon Zaharrean bere atxiloketarekin abiatu zen "polizi-muntaia", bere aldekoek salatu dutenez.
Bestalde, Laura Mintegi euskal PEN Klubeko presidenteak "Gara" egunkariari adierazitakoaren arabera, Aselek "kolpe latza jaso du, baina lasai dago". Algortarrak adierazi duenez, "errudun jotzeak ez du esan nahi kartzelatuko dutela. Guk uste dugu aitzakia izan daitekeela Txiletik kanporatzeko. Ikusteko dago zein zigor ezarriko dioten, eta badugu esperantza, badirelako aurrekariak –italiarrak eta frantsesak kanporatu zituzten–". Epaiketa jarraitu duten tokiko prentsako kazetariek ere harrituta geratu direla nabarmendu du Mintegik, "ikusi dutelako ez zegoela pisu nahikorik haren kontrako ebazpen bat emateko". Horregatik Luzarraga "kanporatzeko aitzakia izateko" jo dutela erruduntzat salatu du: "badakigu ez dela errudun, eta hasiak gara epaia salatzen, errugabea delako", bukatu du Euskal PENeko presidenteak.
Asel Luzarraga musikari, idazle eta Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kidearen aurkako auziaren epaian errudun jo dutela zabaldu zen atzo. Arma eta Lehergailuen Kontrolerako Legea urratzea leporatu diote. Hala ere, Aselen sostengu taldeek azaldu dutenez, bere etxean ez zituzten ez armarik ezta lehergailurik aurkitu eta hori dena polizi-muntaia baino ez da, hortaz. Izan ere, bermeotarra Maputxe herriaren lurretan bizi da eta haiekiko elkartasuna behin eta berriz adierazi du. "Jarrera hori zigortu nahi izan dute eta hori dela eta errudun dela erabaki dute", azpimarratu dute Aselen sostengu taldeek.