Ertzaintzak Erandioko enpresa bateko behargin bat atxilotu zuen herenegun arratsaldean, lapurreta eta delitu simulazioa leporatuta. Izan ere, Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, 47 urteko langileak 2.500 euro hartu zituen lanpostutik eta ustezko lapurreta estaltzeko pasa den abuztuaren 23an gizon batek ostu egin ziola salatu zuen Erandioko ertzain-etxean. Egun horretako goizean, denda irekitzean, gizonezko bat sartu eta bizkarrean objektu zorrotz bat jarri ostean diru-kutxa zabaltzeko agindu ziola azaldu zuen beharginak. Ustezko lapurrak kutxan zeuden 2.500 bat euro hartu eta ihesi egin zuen, langilearen salaketaren arabera. Lapurretaren ondoren, 112 larrialdietarako telefonora deitu eta gertatutakoaren berri eman zuen beharginak. Baina, Ertzaintzak hainbat ikerketa egin ostean aipatu bertsioa sinetsi ez eta langileari egotzi dio dirua ostu izana eta beste lapurretaren simulazioa. Ostegunean atxilotu zuten.