Hondartza bizi! programak joan den ekainaren 21etik egunero hainbat ekimen eskaini die Ereaga hondartzako erabiltzaileei. Aldi horretan haur ludoteka eta futbol, boleibol, badminton eta petankarako kirol zelaiak izan dira jarduera finkoak. Gainera, malabarismo tailerrak, golfean hastekoak, kirol alternatiboak, ohiko jokoak, herri kirolak, eta abar ere egon dira.
Getxoko Udalak programari eusteko Ereaga hondartza hautatu zuen joan den urtean, bere 882 metroekin udalerriko luzeena delako, erabilienetarikoa delako (2008an 141.000 bisitari jaso zituen), garraio publikoak eskura daudelako eta Getxoko bi baliabide turistiko nagusi diren Portu Zaharra eta Kirol Portuaren artean kokatuta dagoelako.