Gizarte ereduen arteko borrokaren aurpegietako bat da jai ereduen artekoa. Parte-hartzea da hitz gakoa bi ikuspegitatik.
Lehenengoa Urkulluk "ezker abertzalearen presentzia sozial saihestezina" deitzen dionaren aurkako gerra da. Politikoa baino gehiago borroka sozioekonomikoa. Gizarte zati baten boteregune gehiago desagerrarazteaz gain, kulturgintzak mugi lezakeen dirurik gehiena eskuratzeko enpresa sare kontrolatua gura dute jai batzordeen lekuan. Badakite ideologikoki zein jende mota dagoen kulturgintzan, baina baita zein baldintza eskasetan gabiltzan ere. Baliabideak kontrolatuta koadratu nahi dute borobila.
Bigarrena ere parte-hartzeari dagokio. Ez naiz nekatuko esaten bozgorailuak, eta euren bolumena direla herri kulturaren etsairik handienak. Gainerako programatik kanpoko adierazpen herrikoi mota guztiak zaildu eta komunikazioa monopolizatzen dute. Asko eskatzea izan liteke munduari bizkarra ematen dion koadrila formazio borobilean bizi den herri honentzat, baina parte-hartzea ezin liteke ostalaritza ludikora mugatu. Jaiak bere funtzioa bete dezan, pertsonek beren barrua era sortzailean askatzeko bideak aurkitu behar dituzte. Gure lekuan adierazten diren eta komunikatzaile pasibo bihurtzen gaituzten bozgorailu, pantaila, ordenagailu eta tresnen atzean ezkutatu beharrean.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.