Azken egunotan birritan egon da Eunate Agirre kirolari sopeloztarra lehiatzen Portugalen.
Sopela.net agerkari digitalak zehaztu duenez, alde batetik, Sintra Pro txapelketan parte hartu zuen: final-zortzirenetan Karla Costaren aurka garaipena lortu ostean, final-laurdenetan Miya Inoue izan zen irabazlea, Eunate txapelketatik kanpo utziz. Baina, nahiz eta garaipena ez lortu, sopeloztarrak 915 puntu eskuratu zituen eta haiekin munduko bodyboard sailkapen nagusian bigarren postura igo zen. Joan den astean ere Eunatek Portugaleko Miss Sumol Cup 2010 txapelketan parte hartu zuen. Lehenengo txandan Madalena Pereira, Alexandra Rinder eta Maria Lourençori irabazi zien, eta gauza bera egin zuen bigarrenean Maylla Venturin, Andrea Dias eta Claire McGowan bodyboarder-ekin. Finalaurrekoan, ordea, ez zuen garaipena lortu eta finala hareatik ikusi behar izan zuen. Karla Taylor brasildarrak irabazi zuen txapelketa. Maylla Venturinek bigarren postua lortzeaz gain, Eunate Agirreri munduko bodyboard sailkapen nagusiko bigarren postua ere kendu zion. Argazkian, Eunate Agirre sopeloztarra Neymara Carvalho brasildarrarekin Ibatour 2009 bodyboard mundialerako prestatzen.