Aitzol Barandiaranek eskuratu du Lizardi Saria, Jone Uriaren aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 6a, 23:43

Aitzol Barandiaran bertsolari ataundarrak jantzi zuen Lizardi Sariaren txapela, pasa den ostiralean. Jone Uria bertsolari algortarra, ordea, bigarren gelditu zen Zarauzko Bertsolari Gazteen XXXIV. Txapelketa izena ere duen sari horretan. Bost hilabete ez dira pasa Etxarri Aranatzen jokatutako Euskal Herriko Bertso-Afari Txapelketan bi bertsolariek buruz burukoan ere lehiatu zirela. Zarautzen ez bezala, Uria nagusitu zen orduan. Baina, Zarauzko Zinema pilotalekuan sendo ageri zen Barandiaran, Uriarekin batera abesturiko bertsoetako batengatik bertsorik oneneko saria ere jaso zuela. Saioa Asier Azpiroz, Manu Goiogana, Ane Labaka eta Xumai Murua bertsolari gazteek osatu zuten, antolatzaileen arabera, "lan fina" egin zutena. Barandiaran ezaguna da Uribe Kostan, izan ere Leioa eta Erandioko campusean Kazetaritza ikasten ibili izanaz gain, Abra Saria irabazi zuen 2007an. Bestalde, besteak beste, Osinalde Sarian nagusitu zen urte berean. Argazkian, Aitzol Barandiaran / © Hamaika Bertute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun