Valentin Solagaistua Sopelako PSE-EEko zinegotziaren ustez, "urtea amaitu baino lehen iragarpen berria egingo du ETAk, Batasuna 2011ko udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izan dadin". "Indarkeria uztearen pareko zer edo zer izango liteke", bere iritziz.
Servimedia albiste agentziari egindako adierazpenetan, "abertzale mundua, orokorrean, gehiago ezin duela" adierazi du Solagaistuak. Euskal preso politikoak ere iritzi horren barruan kokatu ditu. Hori dela eta, bere hitzetan, "indarkeriari uko egitea beste aukerarik ez dauka egitura terroristak".
ETAk egindako adierazpenari buruz, Espainiako Gobernuaren jarrera "egokitzat" jo du Solagaistuak. Patxi Lopezek ere "primeran" egiten ari dela uste du. Sopelako PSE-EEko zinegotziaren arabera, "terrorismoarekin amaitzeko, egitura etarra presionatzea beste irtenbiderik ez dago". Adierazpen guzti horien osagarri, Solagaistua EAE-ANVko idazkari orokorra eta Herri Batasuneko hautagaia izan zela nabarmendu du Servimediak. Argazkian, Valentin Solagaistua Sopelako udal batzar batean.