Lamiako auzoan 55 etxebizitza hartuko dituzten eraikin bi egiteko baimena eman berri du Leioako Udalak. Lamiako-Txopoetako Barne Erreforma eta Birgaitze Plan Bereziaren (BEBPB) bigarren fasearen barruan kokatzen da aipatu ekimena, lehenengoa orain dela gutxi amaitu eta gero, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Proiektu potolo horretatik kanpo, baina eremu horren hiri berroneratzearen ekintza orokorrari lotuta, uda honetan Langileria kalearen beste aldean kokatzen ziren eraikin gehienak eraitsi dituzte, Delta de Lamiako eta LAN lantegiak barne, eta sortutako orubeen zelaitzea ere egin dute. ALESA lantegia botatzea baino ez da falta. Horretarako, bere jarduerarekin jarraituko duen tokira aldatu beharko da, iragarpenen arabera urtea amaitu baino arinago burutuko dena. Eraiste horiek Lamiako-Txopoetaren irudi berria utzi dute: "birgaikuntza prozesuaren lehen emaitzak ikusten hasi dira, etorkizuneko irudia gero eta hurbilago izanik", udal arduradunek aipatu dutenez. Argazkian, Lamiakoko egungo irudia / © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!