Baina, txikientzako eskaintza berezia ere badaukate aisialdiko ikastaroek: dantza modernoa eta pintura ingelesez, Maria Fernandez eta Ana Elorduyren eskutik, hurrenez hurren. Haurrentzako zein helduentzako ikastaroetarako, irailean zehar izango da aurrez izena emateko epea. Gainera, beharrezkoa izango da inskripzioa baieztatzea kurtsoa hasi baino hilabete lehenago. Aurre inskripzioa eginda, lehentasuna izango dute Berangon erroldatutako lagunek.
Bitartean, Berangoetako kultur etxean, euskarazko ikastaro bi izango dira 18 urtetik gorakoentzat: bata hasiberrientzat eta bestea maila ertainekoa. Hala ere, haurrentzako eskaintza izango da zabalena. Girabira 1 eta 2 ekimenak 2007an jaiotakoei zuzenduta egongo dira. Horrela, jolas, dantza eta musikaren bitartez, dibertitzeko eta koordinazio fisikoa hobetzeko aukera edukiko dute ikasleek. Xirula Mirula ikastaroan, berriz, musika izango da protagonista. Gainera, antzerkira bideratutako atala ere egongo da.
Gazteentzako tailerrak
Gazteek tailer erakargarriak izango dituzte eskura. Oliver magoak emango du hiruhileko ikastaroa eta Estibaliz Villak pailazo tailerra. Urte osokoak izango dira zur lanketa eta "street fusion" kurtsoak. Bestalde, emakumeek oratoria ikastaroaren edizio berri bat izango dute eskura. Azken horrek harrera ona eduki zuen iaz. Horretaz gain, "Ejercidanzing" delakoa eskainiko du Irakurketa Klubak. Musikaren erritmora ariketa fisikoa egitean datza azken hori.
Adin nagusiek hainbat aukera
Adin nagusikoek hainbat ekimen izango dituzte irailetik aurrera. Gimnasia, tai-ji, dantza edota abesbatza izango dute aukeran.
- Gimnasia: astearte eta ostegunetan gimnasia emango dute 11:15etik 12:15era. Salneurria 12,50 euro. Hiru hilabetekoa: urritik abendura; ekainera arte jarraitzeko aukerarekin.
- Tai-jia: astelehen eta asteazkenetan, 16:30etik 17:30era. Salneurria 12,50 euro. Hiru hilabetekoa: urritik abendura; ekainera arte jarraitzeko aukerarekin.
- Dantza: asteartetan, 18:00etatik 19:00etara. Salneurria 15 euro. Hiru hilabetekoa: urritik abendura; ekainera arte jarraitzeko aukerarekin.
- Abesbatza: asteartetan, 11:00etatik 13:15era. Dohainik.
Izen-ematea: irailaren 10etik 20ra.