Txileko Justiziak 220 eguneko kartzela-zigorra ezarri dio Asel Luzarraga musikari, idazle eta Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kideari lehergailuak izatea leporatuta,
Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Dagoeneko beteta du zigorra bermeotarrak, orain arte 250 egun baitaramatza atxilotuta, lehenengo espetxean eta ondoren etxean. Orain kanporatze auziari egin beharko dio aurre. Bien bitartean, Luzarraga aske geratuko da. Abenduaren 31n atxilotu zuten eta 40 egun eman zituen Temucoko kartzelan. Otsailaz geroztik bere etxean atxilotuta egon da idazle eta itzultzailea. La Araucania eskualdean atentatuak egin izana leporatu zion hasieran fiskalak. Luzarragak, ordea, egun horietan Txiletik kanpo zegoela frogatu zuen. Orduan, fiskalak leherkariak izatea leporatu eta bost urteko espetxe-zigorra eskatu zuen. Argazkian, Aselen alde egindako elkarretaratzeetako bat, atxilotu zutenean / © Askapena.