Bihar, osteguna, bi mobilizazio izango dira J.M.V. 58 urteko
langile sopeloztarraren heriotza salatzeko,
Sopela.net agerkari digitalak jakitera eman duenez. Eguerdiko 12etan, Loiuko Indubilsa enpresaren aurrean kontzentratuko dira LAB eta ELA sindikatuak. Arratsaldean, berriz, Sopelako udaletxearen aurrean izango da elkarretaratzea, 19:30etik aurrera. LABek prentsa ohar bidez salatu duenez, hiru dira irailaren lehenengo zazpi egunetan lan istripuen eraginez hildako lagunak. Arduradun politikoek plazaratutako estatistikak kritikatu ditu sindikatu abertzaleak: "zenbat eta jende gutxiago izan lanean, orduan eta istripu zein gaixotasun gutxiago. Estatistika soila da. Ez da lan baldintzak hobetzearen eraginez". Argazkian, LABek deituta otsailaren 16an salatu zuten Julio R. P. Sopelako 50 urteko Petronorreko langilearen heriotza. Bederatzi egun beranduago errepikatu zen zorigaitza / © Sopela.net.