Beste herri askoren errealitatea ezagutzeko herritarrentzako gonbidapena da Getxo Folk jaialdian jarritako kultura arteko karpa, antolatzaileek adierazi dutenez. Horretaz gain, udalerrian bizi diren etorkinei dauden harrera programen berri eskaintzea du helburu; baita herritarrak kultura arteko bizikidetzaz kontzientziatzea eta partaidetza aktiboa bultzatzea ere. Imanol Landa alkatea pozik agertu da (mp3), “kultura arteko eta immigrazioaren inguruko politiketan erreferente bihurtu garelako, gizarte bateratua lortze aldera politika aktiboak aurrera eramatea beharrezkotzat jotzen baitugu". Denok pertsona bezala garatzea "beharrezko baldintzatzat" dauka tokiko agintariak. Hori guztia lortzeko, Udalak lantzen dituen ildoak zehaztu ditu Landak: “Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera Getxora heldu diren prentsonentzat dauden harrera-programak bultzatzea; berdintasun, elkartasun, bizikidetza eta errespetuari lotutako ekimenak sustatzea herritar guztiei zuzenduta; eta etorkinen elkarteekin kolaboratzea”, azaldu duenez
Ildo horretan, Getxo Folk Jaialdia herri eta nazio desberdinen arteko topagunea izan da beti, udal agintariaren arabera, eta hori “guretzat poztasuna da eta jende guztia animatu nahi dugu hurbiltzera”. Bestalde, ekimen horrekin lehenengoz kolaboratuko duen Foru Aldundiko Berdintasun eta Herritarren Eskubideetarako zuzendariak Getxoko Udalak egindako lana goraipatu du eta gehitu du “Getxo solidarioa eraikitzeko egin beharreko politiken eredu ona dela gaur egungo Udala egiten ari dena”. Josu Bergarak ekimena Getxo Folk jaialdiaren barruan kokatzea oso positibotzat jo du, “herriak gizarte, ekonomia eta ingurune mailetan aurrera egiteko kultura oinarrizko eta zeharkako elementua dela uste baitugu”.
Aurreikusitako jarduerak
Kultura arteko karpa bisitatzen duten lagun guztiek Getxoko Udalak, Elkargune ekimenaren barruan, eta Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak aurrera eramaten dituzten harrera programen berri jasoko dute. Gainera, ikus-entzunezko jarduera berri batekin ere aritu ahal izango dira, hau da, munduko soinuen kutxa multimediarekin. Bestalde, Berdintasun eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritzaren laguntzari esker, karparen ondoan Berlinetik ekarritako eta Migrantas kolektiboak antolatutako erakusketa ikusi ahal izango da. Horretan, immigrazioari lotutako sentimenduen irudiak izango dira ikusgai.
Etorkinek euskara ikasteko AISA guneak antolatutako ikastaroei buruzko xehetasunak zabaltzeaz gain, lau egunetan, 19:00etan “Euskara 20 minututan” antzezpena izango da, Xabier Paya bertsolari algortarraren gidoietan oinarrituta. Ondoren klase praktiko laburra eskainiko dute. Egun bakoitzean gai bati buruz arituko dira,: agurrak, zenbakiak, familia eta erosketak nola egin, besteak beste. Aurten berritasun bezala, datorren astean Algortan ere eskainiko dituzte saio horiek. Udal iturriek azpimarratu dutenez, Getxo da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian AISA ikastaroetan ikasle gehien dituen udalerria: 346 guztira, 5 ikasturtetan.