EHUko tranbiarako zubi altxagarria jarriko dute Leioa eta Sestao artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 9a, 17:58

Tranbia EHUko campusetik Barakaldora hel dadin, zubi altxagarria eraikiko dute itsasadar gainean, Leioa eta Sestao artean. "Igogailu baten antzekoa izango da", Eusko Trenbide Sareko (ETS) arduradunek aipatu dutenez. Orotara, 370 metroko luzera izango du plataforma berriak. Hala ere, ur-azaletik 15 metrora jarria eta lau pilarek eutsia, 150 metro luzeko erdiko pasabideak baino ez du egingo gora eta behera. Gehien jota, 55 metroko altuera hartuko du, tamaina handiko itsasontziek arazorik gabe igaro daitezen. Zubiak 21 metroko zabalera izango du, oinezkoentzako bi pasealeku, bidegorri bat eta tranbiarako errail bikoitza hartuz. Pasabide altxagarria erdi estalita egongo da eta segurtasun barrak jarriko dituzte alboetan. Eusko Jaurlaritzak irailaren 3an abiatu zuen egitasmoaren lizitazio prozesua. Epeak betez gero, 2011ko bukaeran egongo da erabakita obrak zein enpresari agindu eta handik hilabete batzuetara, 2012an, hasiko dira zubia eraikitzen, Sestaoko La Naval enpresa parean. Proiektuak 60 milioi euroko aurrekontua dauka. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkate leioaztarra gainontzeko agintariekin batera, uztailaren 16an tranbiaren kotxetegien lehenengo harria jartzeko ekitaldian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

EHUko campusa eta Leioa itsasadarraren ezkerraldearekin lotuko dituen tranbiaren kotxetegien lehen harria jarri zuten uztailaren 16an Lamiakoko Dartsena kalean egindako ekitaldian, Leioako geltokitik 200 metrora. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Arriola Garraio sailburua, Isabel Celaa Hezkuntza sailburua eta Eneko Arruebarrena, Jose Luis Marcos Merinok, eta Tontxu Rodriguez; Leioa, Sestao eta Barakaldoko alkateek, hurrenez hurren. Proiektuak 4,2 milioi euroko aurrekontua du, eta lanak bukatzeko epea 15 hilabetekoa da. Eusko Jaurlaritzaren eta Leioako Udalaren artean sinatutako elkarlanerako hitzarmena kontuan izanik, tokiko erakunde leioaztarrak lanak egiteko beharrezkoak diren udal lurren erabilera bermatuko dio Euskal Trenbide Sareari, tailerrak eta kotxetegiak eraikitzeko zein tranbiaren plataforma egiteko. ETSri dagokionez, honako konpromisoak hartu ditu: proiektua osorik burutuko du eta lanak amaitu ondoren, obren eragina jaso duten bideak, espaloiak, lorategiak eta gainerako zerbitzuak eta ondasunak, lehen bezala utziko ditu.

Tranbiaren tailerrak eta kotxetegiak

Multzo hori, tranbiaren linearen eta tranbiaren sareak etorkizunean izan ditzakeen hedapenen erdigune neuralgiko gisa funtziona dezan dago diseinatuta. Bertan kontzentratuko dira jarduera nagusi guztiak, ustiapenarekin zein kontrolarekin erlazionatutakoak. Multzoa, itsatsitako bi bolumenen konposizio gisa aurkezten da, fatxadaren tratamendu desberdinaren bitartez, eraikinen funtzio izaera desberdina bereiztuko duen irudi konpaktua emateko.

Tailerren nabearen bolumen handiagoak hangar baten ideia eman nahi du. Bere barruan burutuko dira unitateen mantentze lanekin erlazionaturiko eginbeharreko guztiak. Estalkia jarraitua da, ekialdeko fatxadatik abiatuz, teilatutik igaroz eta eraikina mendebaldeko fatxadatik itxiz. Garapenak mantentze lanetako trenbideen ardatz nagusiari paraleloan jarraitzen dio, eta itsua da ia azalera bertikal osoan. Horrela, barne espazio bakar handiaren ideia ematen laguntzen du.

EHU-Leioa-Sestao-Barakaldo tranbia

Hurrengo pausoa Leioan dagoen metroaren 1. lineako geltokiaren eta EHUko campusaren artean ibiliko den tranbiaren plataforma eraikitzea izango da. 3,8 kilometroko luzera duen ibilbidea da. Bederatzi geraleku izango ditu, aurrekontua 37 milioi eurokoa da, eta lanak bukatzeko epea, berriz, 20 hilabetekoa. Eraikuntza proiektua amaituta eta onetsita dago. Une honetan, 1,6 kilometro luze den eta bi geraleku dituen Leioa-Urbinaga ibilbidearen Informazio Azterlana idazten ari dira. Ibilbide horrek itsasadarra gaindituko du, 150 metroko luzera eta 21 metroko zabalera izango duen zubi altxagarriari esker. Ezaugarri horiei esker, posible izango da, baita ere, oinez edo bizikletaz joatea Ibaizabal itsasadarraren alde batetik bestera.

Leioako tranbiaren ibilbidea Urbinagako geltoki intermodalean amaituko da. Bertan, erabiltzaileek, metroaren 2. linearekin, RENFEren aldirietako sarearekin edo Barakaldon egingo den tranbiarekin lotura izango dute. Esan behar da Barakaldon egingo den metro arinaren trazatua eta geralekuak zehaztuko dituen Informazio Azterlanaren idazketa lizitazio prozesuan dagoela. Itsasadarraren bi aldeei zerbitzua eskainiko dien tranbiaren linea berriaren eraikuntza, finantzaketa publiko-pribatuaren bitartez egingo da. Horrela, Iñaki Arriolak zuzentzen duen saila, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Leioako eta Barakaldoko tranbien kudeaketarako eta ustiapenerako alternatiba eta bideragarritasun azterlanaren idazketan ari da lanean. Lan horien helburua, "tranbiaren eraikuntzan eta ustiapenean kapital pribatua sartzearen bideragarritasunari buruzko azterketa zorrotza egitea da", aipatu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun