Bere sorreratik jendarteari luzatu dion adierazpenean jaso bezala, "herritarron jardun ireki eta anitza izan nahi du Adierazi EH! ekimenak (…) gaurko egoerarekin zerikusia duten eragile guztiekin harremanetan jarri eta, modu horretan, gerta zitekeen edozein eskubide bortxaketa aurretik ekidin eta geldiarazteko, eta arazo sozial zein politikoak bide demokratikoetatik bideratzeko moduko egoera berria lortzeko. Euskal Herria aintzat hartu eta berton bizi garen guzti guztion eskubideak bermatuko dituen egoera lortu nahi dugu hainbat arinen, geure etorkizuna geuk askatasun osoz erabaki dezagun".
Zentzu horretan eta EHEren jardunari lotuta, gure irakurketa zabaldu eta Bilboko manifestazioarekin bat egin nahi dugu EHEtik. Izan ere, ekimenaren oinarrian, etenik gabe eta maila orotan eskubideak urratzen zaizkion herri ukatua baitago; bertako hizkuntzan, euskaraz bizitzeko eskubidea bera ere sistematikoki urratzen delarik. Euskal herritarrok badugu identitate propio bat (horregatik gara herri, nazio bat), baina libreki garatzeko eskubiderik ez dugu. Bi estatuk herri hau asimilatu nahi dute, eta horretarako dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte, hizkuntza-ordezkapena kasu. Guztiok jabetzen gara herri egiten gaituenaz, eta ondo dakigu gure nortasuna galdu nahi ez badugu non ezarri behar dugun lehentasuna. Herri honen eskubide guztien bermea ezinbestekoa da, ez dugu herri zapaldua eta ukatua izaterik nahi, baina herri izaten jarraitu nahi dugu, eta gure herria berreraiki nahi dugu, eta hori, badakigu Euskal Herria dela.
Herri honek bide hori egiteko eskubide politikoa behar du, euskaraz bizi nahi dugu, eta euskaraz bizi ahal izateko bide bat egin behar dugu; herri honek bidea egin behar du, eta EHE-k azkenaldian behin baino gehiagotan esan du zeintzuk diren eman beharreko aldaketak politikoak.
Euskarak egiten bagaitu herri, eta herri hau asimilatzeko mendez mende herri honen hizkuntza, kultura eta izaerarekin bukatzea jarri bazuten asimilazio estrategiaren erdigunean, herri gisa egin behar diogu aurre herria “konkistatzeko” nahiari. Euskaraz bizi nahi dugu, herri bat garelako, komunitate bat, eta horrenbestez herri moduan zein norbanako bezala euskaraz bizitzeko eskubide zibila dugu. Hortaz, debeku eta ukazio ororen gainetik, euskal herritarron eskubide zibil eta politiko guztien defentsan guztiok Adierazi EH ekimenarekin bat!
Euskal Herrian Euskaraz