Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak
debekatu egin du
Adierazi EH! herri ekimenak larunbat honetarako "Denontzat eskubide guztiak Euskal Herria osoan" lelopean deitua zuen manifestazioa. 14:00etan eman du erabakiaren berri epaileak. Baina Adierazi EH! herri ekimenak 17:00etan emandako prentsaurrekoan jakinarazi du manifestazioa egin egingo dela, eta horretarako beharrezko izapideak egiten dabiltzala. "Indarberritutako deia" egin du Adierazi EH!-k horrela. 130 bat lagun izan dira prentsaurrekoan, eta Rafa Larreinak eta Arantza Fernandez de Garaialdek hitz egin dute. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da eskubide guztien alde egitea". Izan ere, euren hitzetan, atxikimendua eman duten 42 alderdi eta elkarteak "isilaraztea" ez dute lortuko. Espainiako Gobernuak izendatutako Javier Zaragoza fiskal nagusiak aurkeztu zuen atzo debekuaren eskaera, Adierazi EH!-ri Batasunaren "oinordekoa" izatea "eta ETAren aginduak" jarraitzea egotzita. Manifestazioa orain dela lau hilabete deitu zuen herri ekimenak eta bitartean atxikimendu zabala eta askotarikoa eskuratu du. Besteak beste, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA, LAB, Etxerat, GaztEHerria eta EAE-ANV-k bertaratzeko deia egin dute.