Zendutako Sopelako langilea gogoratu dute bere herrikideek

"Prekarietateak hiltzen du. Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean, 35 lagun inguru elkartu dira gaur arratsaldean Sopelako udaletxeko plaza ondoan. Modu horretan, J.M.V. 58 urteko gizonezko sopeloztarrari heriotza eragin zion lan istripua salatu dute gizon-emakumeek. Behargina asteartean hil zen Gurutzetako ospitalean, lau egunez koman izan ostean. Loiuko Indubilsa enpresan izan zen ezbeharra iragan ostegunean. Egun hartan, 06:50 aldera, 500 kiloko pieza batek buruan kolpatu zuen J.M.V. sopeloztarra, tornu batekin lanean ari zenean. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta bertan izan zen lau egunez koma egoeran, herenegun goizean hil zen arte. Ezkonduta zegoen eta seme bat zeukan. Argazkian, gaur arratsaldeko elkarretaratzea Sopelan.

Hala ere, ez da arratsaldekoa izan J.M.V. 58 urteko langile sopeloztarraren heriotza salatzeko egin duten elkarretaratze bakarra. Gaur eguerdian Loiuko Indubilsa enpresa aurrean izan da kontzentrazioa, LAB eta ELA sindikatuek deituta. CCOOk beste horrenbeste egin zuen atzo goizean. LAB sindikatuak salatu duenez, irailean hiru langile hil dira jada. 2010ean, berriz, 51 dira jada lan istripuetan hil diren langileak. Sopelan hau da aurten lan istripu baten ondorioz hil den bigarren auzokidea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun