Haren hastapenak eta ostekoak ere ez ziren samurrak izan, ezen unibertsitatean euskaraz ikasi eta bizitzea ez ei zen hango handi-mandien gogoko: zenbat traba egon ez ziren, bada, gaiak euskaraz behar bezala eman ahal izateko, eta zenbat salbuespen neurri tarteko (horien artean, 1990eko urte “demokratikoan” dagoeneko, ordura arte elkarren ondoan egon ginen ikasleak alde banatara sakabanatzea, gure arteko batasuna apurtzeko asmoz). Hala da ze, gure denboran euskal filologo-gaien arraza mespretxuan murgildurik bizi izan zen, artalde garbi elitista hartan hirugarren mailako ardi beltz lohiak ginelarik. Gure bekatu bakarra: euskaldun izatea eta euskararen karrera sentimenduz egin gura izatea.
Urteak igaro ahala, unibertsitate sasoiak atzean geratu dira, bai eta hango miserien zerrenda amaigabea ere. Oroimenaren kateak gauza horiek ahaztera bultzatuko gintuen, baldin eta lan merkatura irten eta errealitatea beste bat izango bazen. Tamalez euskara maite ez duten horiek ez dira soilik unibertsitatean bizi, eta goazen lekura goazela Euskal Filologian lizentziatuok mespretxuaren zigilua iltzaturik daramagu, nazien sasoian judutarrek Dabiden izarra iltzatuta zeramaten gisa berean. Diodana gehiegizkoa dela begitanduko zaio baten bati, baina ingurura begiratu eta esan diezadatela zelan den posible euskaltegi, ikastetxe edo instituzio publiko batean Euskal Filologia karreraren gainetik EGA titulua eta Laugarren Perfila lehenestea. Gaitz hori ez da berria, gutxienez Miren Azkarate sailburu izan zen sasoitik baitator.
Ezin uka daiteke titulu horiek euskaraz egoki eta zuzen egiteko gaitasuna eman diezaguketenik, baina euskal eskolak emateko nahikoa ote da? Ez ote du Euskal Filologian lizentziatuak euskal eskolak emateko gaitasun handiagoa? Gaixorik gaudenean argi dugu medikuak sendatu behar gaituena, legearen aurrean defendatzeko abokatuak ditugu, baina euskal hizkuntza irakasteko EGA edo perfil azterketa bat eginda nahikoa da erdi mailako karrera bat izanez gero, hau da, euskara irakasteko erizain eta EGA tituluduna izateak Euskal Filologia titulu batek beste edo gehiago balio du. Are gehiago, erizain eta laugarren perfilduna Euskal filologia tituluaren gainetik lehenesten da, irakasle izateko Laugarren Perfilak euskal filologia karrera oso batek baino gaitasun handiagoa emango balu legez.
Gotzon Garatek berak esana da, euskal filologia Euskal Herriari euskaldun izaten lagundu diola. Alabaina, euskara eta Euskal Herria onartzen ez duten horiek gure hizkuntzaren garapena oztopatzen segitzen dute, tamainako injustiziak abian jarriz euskal arloaren aldeko apustua gure gogoz eta sentimenduz egin genuenoi iruzur eginez. Argi dago urteak igarota arlo sozio-politikoan ezer gutxi aldatu dena, eta ale batzuk boterean iraun bitartean nekez ikusiko dugu tunelaren ahoa. Batzuek, ostera, tunelean gura gaituzte, argirik eta askatasunik gabe, burumakur eta esaneko. Ezin ahaztu gainera, arlo sozio-politikoan kontua iraul lezaketen askok isilik dirautela, euren ipurdiek duten oinarri bigun eta beroaren babesa galtzeko beldurrez.
Bitartean, hona hemen euskal filologoa, burokraziak salduta eta lan merkatuan galduta, erretolika “euskañola” duen edozein beharginek ordezkaturik, zeintzuk eta hizkuntza pobre eta ezegokia haien atzaparretan jausten diren ikasle koitaduei kutsatzen dieten horiek. Eta hori guztia XXI. mendeko Euskal Herriko jendartean gertatzen da, curriculumetan tituluei inoiz baino garrantzi handiagoa ematen zaien sasoian, alegia.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)