EHUren ikasturte berriaren hasiera dela eta, astelehen honetan, irailak 13, Leioa eta Erandioko campusean burutuko den ekitaldi nagusian Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak eta Iñaki Goirizelaia errektoreak parte hartuko dute, besteak beste. Agintari horien presentzia aprobetxatuz, "euskal presoek oraindik ere ikasteko eskubidea bermaturik ez dutela" salatuko dute. Era berean, pasa den ikasturtean 14 sindikatu eta eragilek eta Euskal Herriko unibertsitate anitzetako ehunka ikasle, irakasle eta langilek eskatu bezala, eskubide urraketa hori gainditzeko unibertsitate eta instituzioen esku-hartzea exijituko zaie agintariei. Horretarako, 10:45ean jarri dute hitzordua Errektoretzan
Ikasteko eskubidearen jabe, euskal presoak Euskal Herrira! ekimeneko kideek. Hartara, unibertsitateko irakasle, langile eta ikasle guztiei bertan parte hartzeko deia zabaldu diete. Argazkian, ELA, LAB, EILAS, Salhaketa, Etxerat eta Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasle, irakasle, langile eta eragile ezberdinak bildu ziren maiatzaren 28an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Bilboko ordezkaritzaren sarreran, euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta zeukatela salatzeko.