Getxoko Udalak kanpainan gogoratzen du euskara ikasteko diru-laguntza hainbat eredu dituela. Alde batetik, 12 urte edo gutxiagoko seme-alabak dituzten gurasoei, haur zaintzaileei edo haurrak zaintzen dituzten familiartekoei, pediatrian eta ginekologian lan egiten duten sendagileei eta erizainei, haurtzaindegietako langileei eta ikastetxeetan irakasle ez diren langileei eta haurrekin zerikusia duten beste langile mota batzuei zuzendutakoak daude. Bigarrenez, ikasketak amaituta, lan-merkatuan sartu nahi duten 18 eta 23 urte bitarteko gazteentzakoak. Azkenik, oinarrizko maila duten eta sakondu nahi dutenei ere emango diete laguntza.
Bestalde, etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbildu nahi dituzten AISA ikastaroen onuradunei diru-laguntzak ematen segituko du Udalak. Getxo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan ikasleen eta taldeen kopuru handiena duen udalerria, tokiko arduradunek azpimarratu dutenez. Orain arte, aurreko 5 ikasturteetan 346 lagunek parte hartu dute. Era berean, merkatariei eta ostalariei zuzendutako Dendaketan ikastaroak astean birritan antolatzen segituko dute. Aurreko hiru ikasturteetan 37 pertsonek parte hartu dute. Guztira 2009an 385 getxoztarrek jaso zuten euskara ikasteko diru-laguntza. Udalak guztira ia 100.000 euro banatu zituen.
Euskaltegien eskaintza
Udalerriko euskaltegiek, maila desberdinetako ohiko eskaintzaz gain (5 orduko ikastaro trinkoak, 2 ordukoak, EGA, hizkuntza-eskakizunak...) berritasun batzuk ere jarriko dituzte martxan. Horien artean, udal euskaltegiak laugarren maila (Administrazioaren hizkuntz-eskakizunaren baliokidea) prestatzeko ikastaro berezia egingo du. Bestalde, J.A. Agirre euskaltegiak EGA azterketa prestatzeko ikastaroa larunbat goizetan eskainiko du eta Lauaxeta euskaltegiak ikastaro mistoa, hau da, eskola batzuk euskaltegian eta gero beharrak etxean egin. Gogoratu, Uztarri euskaltegiak 6 eta 16 urte bitarteko haurrentzako eskolak ematen dituela.