Izena gehienez bi ikastarotarako egin ahal izango da (asteburukoetan izan ezik, beste ikastaro batzuekin aldi berean egin daitezkeelako), tokiko iturriek zehaztu dutenez. Aurrekoetan bezala emakume getxoztarrek lehentasuna edukiko dute. Bestalde, diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten ikasleek, Gazte Txartela dutenek edo langabeziaren txartela dutenek 5 euro ordainduko dituzte ikastaroko eta gainontzekoak 5 eta 20 euro artean. Tokiak zozketatu egingo dira eta onartutakoen zerrenda urriaren 1ean emango da ezagutzera Itzubaltzeta / Romo eta Algortako Villamonte kaleko kultur etxeetan eta udal web gunean. Aurten ez dute eskutitza bidaliko. Matrikula egiteko zenbatekoa aipatu guneetan ordaindu beharko da urriaren 5etik 13ra. Bestalde, aurten ere haurtzaindegi zerbitzua egongo da eta EHUk aukera libreko kredituak emango die unibertsitateko plan zaharretan dauden emakumeei.
Hiru ildo
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak honako hiru ildo hauek ditu: parte-hartzea eta kontzientzia hartzea errazteko erremintak eskaintzeko prestakuntza, baita elkartzeko eta esperientziak trukatzeko ere; trukea eta elkartasuna beste kulturetako emakumeekin; eta bertoko eta kanpoko emakumeak batzeko gunea eta prozesu osoaren sistematizazioa eta azterketa. Azken horren arabera, partaideen profila nahiko antzekoa da urte batetik bestera. 2009-2010 ikasturtean emakumeen bataz besteko adina 49 urtekoa izan zen (%12 30 urte beherakoak), %58 ikasketa unibertsitariorekin eta %56 lanarekin azken sei hilabetetan. %31 elkarteko kideak izan ziren. “Aukeratutako gaiari buruzko ezagutza eta norberaren garapena areagotzea dira eskolan parte hartzera bultzatzen duten arrazoiak eta horrek bere helburuak betetzen ari direla erakusten du”, esan du Keltse Eigurenek.
Ikastaroak
Kultura Birdefinitzea ildoak “Emakumeen komiki munduan barneratuaz herrialde ezberdinen bidez” eta “Irakurketa feministak literaturan” (euskaraz) ikastaroak izango ditu; baita bi berrikuntza ere: “Gizarte ekintza eta artea” eta “Banda Feminista”. Lehenengoa amaitzeko, parte hartzaileek ekintza bat definitu beharko dute martxoaren 8rako eta, bigarrena, berriz, danbor-tailerra izango da eta Sareko gainerako udalerriekin batera egingo da amaierako jardunaldia. Komunikazioa ildoak “Publikoaren aurrean hitz egiteko teknikak” ikastaroa eskainiko du euskaraz. Solidaritatea eta Trukea Munduko Emakumeekin arloak “Mestizajearen literatura” ikastaro berria eskainiko du eta, CEARekin elkarlanean, “Babes-eskubidea eta jazarpena genero-arrazoiak medio” tailerra. Emakumeen Nortasuna eta Subjektibitatea ildoan “Nire gorputzaren bila” tailerra mantenduko dute, baita honako bi berri hauek eskaini ere: “Indarkeria sartzen uzten al dugu ate azpitik?" eta “Ama izateko nahia, eraikitzea eta negoziatzea”. Azken hori amatasunari buruzko hausnarketa. Feminismoa ildoak, arrakasta handiz urtero egiten den “Autodefentsa” eta “Feminismoa eta ekologia” ikastaroez gain, aurten hiru berritasun izango ditu: “Neskek ez dute ulertzen ekonomia politikoa?”, “Baina, zer da feminismo delako hori?” eta “Txapa feministak sortzea” tailerra. Horretan lehentasuna izango dute emakume gazteek. Osasuna ildoak iazko bi ikastaro errepikatuko ditu: “Sexualitatea lehen pertsonan” eta “Zoru pelbikoa indartzea”. Amona zaintzaileentzako tailerra ere izango da: “Neure burua zaintzea, zu zaintzea”. Horren asmoa da bakoitzak bere burua zaintzeko eta hausnartzeko espazioa eskaintzea. Besteak beste, familian negoziatzeko erremintak eta ongizate pertsonal handiago eta norberarentzako denbora izateko ariketak eskainiko dituzte. Azkenik, Parte Hartze Politiko eta Soziala gaiak “Lidergoa eta talde lana” ikastaroa errepikatuko du.