Bilboko biharko manifestaziora joatera deitu dituzte herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 10a, 20:36

Bilboko biharko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, gaur arratsaldean egindako prentsaurrekoaren bitartez, Sabin Intxaurraga (EA) Lakuako Justizia sailburu ohiak, Bego Campok (Aralar), Ander Rodriguezek (Alternatiba), Jone Goirizelaiak (ezker abertzalea) eta Iñaki Zarraoa (EAJ) Getxo udalerriko alkate ohiak. Hitzordua 17:15ean jarri dute Jesusen Bihotzean, "Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat" lelopean. Martxa debekatzeko Fiskaltzak egindako eskaeraren aurrean ez dute baloraziorik egin nahi izan. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak Adierazi EH! herri ekimenak deitutako manifestazioari jarritako betoa "ulertzen ez" dutela nabarmendu dute. "Adierazpen askatasunaren eta manifestatzeko eskubidearen urraketa argia" da, salatu dutenez. Argazkian, Iñaki Zarraoa (EAJ) Getxo udalerriko alkate ohia ere izan da gaurko prentsaurrekoan.

Campok, Rodriguezek eta Intxaurragak euskaraz, espainolez eta ingelesez irakurri dute adierazpena. Nabarmendu dutenez, "pertsona guztientzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan bermatuko dituen egoera berria beharrezkoa da, salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz eta eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz".

Gaurko prentsaurrekoan irakurritako adierazpena:

Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat.

Ez dugu ulertzen zergatik debekatu den herri honetako gehiengoaren eskariei erantzuten dien eta larunbata honetarako deitu den manifestazioa.

Baina batez ere, Euskal Herrian egoera berria ezarri behar dela uste dugu. Egoera berri horretan herritar guztion eskubide guzti guztiak errespetatzea eskatzen dugu. Eskubideak bermatuko diren egoera berria eskatzen dugu, inolako inposaketarik eta ezelango indarkeriarik gabekoa.

Egoera berri hori lortze bidean, honako eskaerak bermatzea eskatzen dugu:

1. Pertsona guztientzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan bermatuko dituen egoera berria: Salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz eta eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz.
2. Eskubide zibil eta politikoen, giza eskubideen, eskubide indibidual eta kolektiboen bermea, eta zehazki:
* Bizitza eta askatasuna.
* Euskal presoak Euskal Herrira. Kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera.
* Inkomunikazioa eta torturak gelditzea.
• Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak.
• Alderdi eta erakundeen legalizazioa, eta ondorioz, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.

Aipatu ditugun neurri hauen inguruan adostasun sozial eta politiko handia dago eta gure ustean oraindik ere adostasun gehiago lortu behar ditugu.

Euskal herritarrak gara, parte hartze eta mobilizazioaren bitartez, giza eskubide, eskubide zibil eta eskubide politikoak guztiontzat Euskal Herri osoan bermatu daitezela lortu dezakegun bakarrak.

Horregatik euskal herritar guztiei deia luzatzen dizuegu bihar, irailak 11, "Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat" lemapean ,arratsaldeko 17:15ean Bilboko Bihotz Sakratutik hasiko den manifestazioan parte har dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun