Eli Zubiaga eta Karmelo Landa: "Eskubide barik"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 11a, 08:10

Idatzi hau sinatzen dugun euskal herritarrok Espainiako Entzutegi Nazionaleko auto (pdf) batean agertu gara. Auto horrek dioenez, gu "ETAren arlo politiko eta instituzionaleko buruzagiak" gara eta "ETA erakunde terroristaren egiturarekin lotura zuzena" dugu. Terminologia beldurgarria da. Are beldurgarriagoa da terminologia hori darabilena inkomunikazioan babestutako atxiloketak, lau urterainoko behin behineko espetxealdiak, publikoak eta gardenak diren jarduerak eta bermerik gabeko epaiketak agintzeko mugarik ez duen auzitegi bat izatea. Argazkian, D3M alderdiaren aurkako operazioaren baitan atxilotu eta bi hilabetez espetxean izan ondoren Eli Zubiaga fidantzapean aske utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009ko martxoaren 25ean. Egun berean egin zioten harrera Algortan. Oraindik ez dute epaitu / public-domain Etengabe.

Auzitegi horrek gutako batzuk auzibidean gauzka baina beste batzuk ez eta hala ere autoan aipatu egin dituzte. Zertarako? Egun bizi dugun kriminalizazio egoera are itogarriago bihurtzeko. Teorian, auzibideetatik libro garenok jada epaituak izateak babesten gaitu, oraindik epaitu ez dituztenei errugabetasun-presuntzioa bermatu behar zaie eta ezelango auzibidetan ez daudenen ohorea eta izen ona ezin dira zalantzan jarri. Praktikan, Adierazi EHri buruzko autoak eskubide horiek guztiak ukatu dizkigu. Bidegabekeria honi lege bidez erantzutea aztertzen ari gara.

Letra larriz idazten den Justizian sinesten dugunez, berau kudeatzeko ardura duen auzitegi horrek ez bezala, eta behin eta berriro elkartzeko zein adierazteko dugun eskubidea ukatu eta debekatzen digutela baieztatzen ari garenez, salatzea erabaki dugu. Urraketa horien aurkako gure aldarria adieraztea erabaki dugu. Tamainako laidoa pairatu duenak, neurrigabeko bidegabekeria jasan duenak beste inork baino zilegitasun handiagoa du horrelakorik gerta ez dadila eskatzeko. Helburu horrek bultzatu gintuen Adierazi EH ekimen herritarrari gure ekarpen xumea eskaintzera.

Gurekin eztabaidatu duten edota adostasunera heldu diren arlo ezberdinetako kideek baieztatuko dutenez, guk geure kontzientziaren aginduak bete ditugu, ez beste inorenak. Gure kontzientziaren agindupean baino ez gaudelako aldarrikatu gura dugu inori ezin zaizkiola berez dagozkion eskubideak ukatu. Ez dadila inor froga barik salatu, ez dadila inor bidegabeki atxilotu ez epaitu. Inork ez dezala pentsatzen edo adierazten duenagatik zigorrik jaso. Horixe da lortu gura duguna.

Azkenik, Adierazi EH gutxietsi eta bere jarduera ezkutatu duten komunikabideen jarrera salatu gura dugu. Espainiako Auzitegi Nazionalaren erasoa jasan behar izan dugu komunikabide horiek Adierazi EH bezalako ekimen herritar eta anitzaren berri zabaltzeko. Informazioa zabaltzerakoan zehaztasuna eskatzea gehiegi datekeela dakigunez, gure hitzok komunikabide horietan zabalduko ez dituztela dakigunez (erratu ahal gara!), gogoeta egiteko baino ez diegu eskatu gura. Hausnartu dezaten komunikabideak adierazpen askatasuna bermatzeko tresna badira, euskal herritar guztioi ere eskubide horixe zor zaigula, gaur egun ukatzen zaigun eskubidea.

Eli Zubiaga eta Karmelo Landarekin batera, Adierazi EH! herri ekimeneko beste kide hauek ere sinatzen dute testua: Amaia Esnal, Unai Beaskoetxea, Julen Arzuaga, Oiakue Azpiri, Agurtzane Solabarrieta eta Olatz Karro
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun