Etxean da Jon Bilbao Moro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 13a, 16:08

Jon Bilbao Moro Asuako euskal preso politikoak atzo, igandea, goizeko 9ak aldera utzi zuen Foncalent-eko (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxea, 12.467 egun, ia 29 urte, preso egin ostean. Kanpoan zain zituen dozena bat senide, lagun eta burkide ohiak. Ordu horretarako, denak identifikatu eta auto guztiak miatuta zituen jada Espainiako Polizia Nazionalak. Horiek, gainera, Guardia Zibilari beste kontrol bat ez jartzeko deitu zioten, Bilbao Moro eta gertukoek traba gehiago izan ez zezaten. Horrela, Astrabuduara gaueko 9ak aldera iritsi ziren eta, bertan, lehen harrera egin zioten 200 herritarrek baino gehiagok. Bitartean, Etxeratek bere poza azaldu du 28 urte baino gehiago espetxeratua eta sakabanatua izan ondoren, Jon Bilbao Morok askatasuna berreskuratu duelako. Argazkian, Jon Bilbao Moro herrikideen besarkada artean.

Auzokideek ikurrinez eta presoen aldeko ikurrez Hegoalde herriko tabernarainoko pasilloa egin zieten Jon Bilbaori eta senideei. Besarkada eta musu pilo artean, aurreskua, bertsoak (mp3) eta lore sorta eskaini zizkioten. Asuatarrak ez zuen hitz egin eta ukabila gora zuela "Gora Euskal Herria askatuta!" oihua izan ziren jendaurrean egindako hitz bakarrak. Halere, bertako ezker abertzaleko kideen bidez, eskerrak eman zizkien bildutako lagun guztiei. Eragile politikoko ordezkariek agindu zutenez, "gaur Jon ekarri dugu eta laster beste preso eta errefuxiatu guztiak ekarriko ditugu". Ondoren, bere erretratua kendu zuen preso ohiak.

Bere aldetik, Etxeratekoek sentsazioa "garratza" dutela aitortu dute. "Jon Bilbao Mororen ibilbideak era ezin gordinagoan erakusten du euskal preso politikoei aplikatzen dieten tratuaren gogortasuna. Sakabanatuak, bizi baldintza gogorrenekin eta euren eskubideak zapalduak direla. 28 urte baino gehiago eman ditu espetxean. Bizi oso bat. Estatu espainiarrak bere bizitzarekin jokatu du denbora guzti horretan eta bere oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratu ditu", adierazi du euskal preso politikoen senideen elkarteak.

Etxerat elkartean prentsa oharra:

Etxeratek poza azaldu nahi du 28 urte baino gehiago espetxeratua eta sakabanatua izan ondoren, Jon Bilbao Morok askatasuna berreskuratu duelako. Baina, ez da erabateko poza. Sentsazio garratz batek inbaditzen gaitu Jonek pairatu behar izan dituen errepresio adierazpen ezberdinak gogoratzerakoan. Erandioko bizilaguna 1982ko urtarrilaren 15an atxilotu zuten; bederatzi egunez inkomunikatu eta torturatu egin zuten; geroztik Carabanchel, Puerto de Santamaria, Herrera de la Mancha, Langraiz, Alcala Meco, Sevilla, Mallorca, Tenerife II, Jerez de la Frontera, Algeciras, berriz ere Puerto eta Foncalenteko espetxeak ezagutu behar izan ditu.

Jon Bilbao Mororen ibilbideak era ezin gordinagoan erakusten du euskal preso politikoei aplikatzen dieten tratuaren gogortasuna. Sakabanatuak, bizi baldintza gogorrenekin eta euren eskubideak zapalduak direla. 28 urte baino gehiago eman ditu espetxean. Bizi oso bat. Estatu espainiarrak bere bizitzarekin jokatu du denbora guzti horretan eta bere oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratu ditu. Astrabudua auzoko bizilagunak Nelson Mandelak berak baino denbora gehiago eman du kartzelan eta Europan dauden preso politikoen artean zaharrenetarikoa zen. Etzen kasu bakarra, hor ditugu besteak beste Jose Mari Sagardui Gatza, Jon Bilbao Agiriano eta beste hainbat. Guztira, 50 baino gehiago dira Bizi Osorako zigorra aplikatu zaien euskal preso politikoak.

Hiru hamarkada hauetan, Euskal Herriak eta munduak oro har aldaketa handiak bizi ditu. Denbora guzti honetan, gure senide eta lagun presoen kontrako oldarraldiak etengabe egin du gora. Hildakoak espetxetan, Bizi Osorako Zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoen ez askatzea, isolamendua, bizi baldintza negargarriak, xantaiak, katxeo eta erasoak senide eta lagunon aurka...

Egoera onartezina da eta irmotasunez salatzen jarraituko dugu. Gure senide eta lagun presoen eskubideak errespetatuak izan behar dira etorkizunean Jon Bilbaok pairatu behar izan duena ez errepikatzeko. Euskal Herrian gehiengoa osatzen duten eragile sindikal, sozial eta politikoekin batera lan egingo dugu indarrean dagoen espetxe politika kriminala indargabetu eta desaktibatzeko.

Ongi etorri Jon!

Harreraren argazkiak (© Alatz Ugalde - Soniko):



Espetxetik irtenaldiaren eta harreraren argazkiak (cc-by-sa Etengabe):



Harreraren argazkiak (cc-by UKBERRI.NET):



Etengabek zabaldutako bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun