
Sopelako Itzartu emakumeen kultur elkarteak ikastaro ugari antolatu ditu 2010/2011 ikasturterako. Izena emateko epea hilaren 22an hasiko da eta irekita mantenduko dute 30era arte. Izen-emateko ordutegia 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era izango da elkarteak Landa Doktorea kaleko 3. zenbakian duen lokalean. Ikastaroak honako hauek izango dira: aerobic, yoga, gimnasia osoa, eskulanak, pintura, haurrentzako pintura, antzerkia, aqua-fitness, patchwork, automakillajea eta pilates. Bestalde, genero berdintasun programaren barruan beste hauek izango dira: emakumeentzako autodefentsa tailerra, emakumeak historian, publizitatea eta sexismo tailerra, arreta, kontzentrazioa eta memoria egunetik egunera nola hobetu, grafologia, sormen idazketa tailerra, emakumea eta menopausia tailerra, zinea genero ikuspuntutik, autonomia pertsonala eta jardueren trukaketa tailerra, psikologia eta osasuna emakumearen garapen pertsonalerako, garapen pertsonala eta barre tailerra. Argazkian, Imanol Garai alkatea, aurreko batean, Itzartuk antolatutako lehiaketen sariak banatzen / © Sopelana.net.