"Irrien Lagunak" emanaldia prestatzeko, artista eta norbanako kubatarrak, senegaldarrak, galiziarrak, andaluziarrak eta euskaldunak izan dituzte bidelagun Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Izan ere, pailazoek Sudurgorrien Eguna ospatzen dute urtero lagunartean. Udaren atarian, ikasturteari agur esan eta oporrei kaixo esaten diete festa horretan, eta bide batez, guztiok borobilean eseri eta urtean zehar bizi, sentitu eta ikasitakoaren puzzlea osatzen dute. Irakasle, ikasle, guraso, pailazo… denok dute zerbait esateko. Haietariko bakoitzak zatitxo bat ipiniko du puzzlean. Maitasunez ikasitakoa ez dute sekula ahaztuko. Horren lekuko da Irrien Lagunak diskoa, hogei piezaz osatutako puzzlea.
Pirritx eta Porrotxek azaldu dutenez, "bestien hitzak pailazook sortu eta antolatu ditugu, bai kantatu ere. Musikari dagokionez, abestien konposaketak eta moldaerak Xabier Zabalak jorratu ditu. Nabarmentzekoa da musikari zarauztarraren lan mardula proiektu osoan zehar". Ikuskizunaren oinarria den CDaren grabaketan lagun izan zituzten, besteak beste, Igor Telletxea bateria jolea, Luis Mari Moreno "Pirata" haize-instrumentuetan, Luis Vega gitarra eta baxua joz, Oreka Tx, Garikoitz Mendizabal txistularia, Tapia eta Leturia, Iluleitz soka laukotea, Olatz Korta, Labrit Zabala eta Idiazabalgo Musika Eskolako haurrak.
Pailazoek hainbat kantu eta konturi dagozkien ezaugarri bereizgarri batzuk azpimarratu nahi izan dituzte: "Irrien lagunak’ abestia, diskoari eta ikuskizun berriari izena ematen diena, Kaki Arkarazok duela zortzi urte sortutakoaren bertsio ska bat da, eta gurekin batera kantatu dute Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak eta Bilboko Konpartsetako lagunek. Maialen Lujanbiok ‘Irri egiten duenari’ eskaini dizkio kantuan berak idatzitako bertsoak".
Era berean, ikuskizuneko beste kanten jatorria azaldu du Porrotxek: "‘Egiozu euskaraz’ esan diegu euskaldunei Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoekin, Asier Gozategik lagunduta. Peio eta Pantxoarekin batera Manex Pagolaren ‘Urtxintxak oihanian’ abestu dugu, guk ere, urtxintxak bezala, gora, trebe, libre izan nahi dugulako. Oskar Estanga nafarrak lau kantu eskaini dizkigu, maitasunez, lotsaz, polit izateaz eta estresaz irakaspen politak emanaz. Lagun izan ditu lan honetan Gorka eta Nerea Urbizu".
Eta Marimototsek nazioarteko laguntza azpimarratu du: "O sonoro maxin talde galiziarra ere gure artean izan dugu, eta ‘Quero-te máis’ eskaini diogu Tereixari: Galiziatik etorri eta gure andereño da bera. Zer hobe, esker onez maite zaitut bere hizkuntzan esatea baino? Ondarroako senegaldarrek ere haien hizkuntzatan kantatu dute, eta erakutsi digute haien herriari 'Teranga' deitzen diotela, hots, 'kanpotarrei harrera ona egiten dien herria'. Nazioarteko kolaborazioekin jarraituz, Duo Jade bikote kubatarrak bi abesti kantatu ditu, euskaraz bata, gazteleraz bestea. Berezia da, baita ere, Jon Maiak ‘Abuela Maria Luisa’ri eskainitako sevillana, Lasarte-Oriako Semblante Andaluz taldeak pailazookin euskaraz abestu duena. Kantu eta dantza ari izan gara hainbat hizkuntzatan, hamaika koloretan Sudurgorrien ospakizun handian, eta irri egin dugu ozen, irrien lagunen festa handian".