Hainbat gaietako 12 proiektu aurkeztu ziren deialdira eta azkenik, "gaur aurkezten ari garena hautatu zen bere kalitateagatik eta garai horri buruzko ikerketaren nobedadeagatik, emakumeen taldeen ikuspegi zabala proposatu duelako, genero gaia kontuan hartuta”, gehitu du udal arduradunak. Bekaren zenbatekoa 7.000 eurokoa izan da eta Udalak euskaraz eta espainolez egindako liburuaren 500 ale kaleratu ditu liburutegietan eta elkarteetan banatzeko.
Emakumeak eremu publikoan eta pribatuan
Aurkeztutako lanak emakumeen eremu publikoa eta pribatua hartu ditu aintzat: “garai horretako emakumeak eremu pribatuan egotera behartu zituzten, ahotsik eta botorik gabe ezta gobernu kargurik izateko aukerarik gabe ere”, azaldu du Ayusok. Gainera, ikerlariak gehitu duenez, “aipatutako mendeetako historia emakume ezezagun askorenarekin osatzen da, gizonek armadara edo arrantza egitera alde egiten zutenean, beraiek zirelako etxeko lan guztiak aurrera ateratzeaz arduratzen zirenak”. Agiri historikoek ikerketa-lana oztopatu arren, "batez ere gizonen ikuspegia erakusten dutelako eta emakumeena estaltzen dutelako", liburuak aztertutako garaiko emakumeen identitate guztiak ere ematen ditu ezagutzera. Ikerketak lan berezia egin du bazterketaren mugetan ibili ziren emakumeak agerian uzteko, esate baterako, hiriko emakume langileak, zerbitzariak, alargunak, gaixoak, emakume askeak eta ohaideak, besteak beste.