Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, emaitza paregabea lortu dute, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpa behin baino gehiagotan bete dute eta. Aurten, Extremadurako Barrunto Bellota Band bikotea, Gaizka Baenaren taldea eta La Bruja Gataren fusio doinuak eta erritmo latinoak interpretatzen duen Efeleson talde mexikarra izan dira bertan. Egun bakoitzeko eskaintzari amaiera ematen zioten Munduko Terrazako saioek ere lagun ugari bildu dituzte. Bertan, Judith Mateoren eta La Selva Sur taldearen saioaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.
Bestelakoak
Jaialdian ez da haurrentzako ikuskizunik falta izan. Aurten arrakasta handia lortu du Andres Isasi Musika Eskolako banda. Bestalde, kale-bandak Getxo udalerrira etorri dira aurten ere; lau egunetan, kaleetan jardun dira atsedenik gabe eta, pasa den larunbatean, milaka lagun bildu zituzten Bizkaiko Zubiko plazan hasi zen desfile ikusgarrian. Azkenik, gune solidarioak jaialdiaren gune arrakastatsuenetariko bat bilakatu da. Munduko eskulangintza, Bidezko Merkataritza eta hainbat gastronomia bildu dira bertan, besteak beste. Halaber, Getxoko Udaleko Immigrazio Zerbitzuaren Kulturen Gunea eta zenbait elkartek eta GKEk antolatutako ekimen eta jarduerak ezinbestekoak izan dira aurtengo jaialdiaren arrakasta lortzeko.