Aralarrek gogor kritikatu ditu gaur goizaldean izan diren atxiloketak -
Erika Bilbao erandioztarra eta beste zortzi lagun atzeman dituzte-, eta era berean, Espainiako Guardia Zibilak erabilitako "bortizkeria eta bidegabekeria" salatu ditu. Atxiloketetan erabilitako bortizkeria eta indarkeria deitoratu eta Espainiako Estatua erakusten ari den "aurpegirik gordinena" salatu du Aralarrek. Bidegabekeria honekin amaitzera deitu du alderdi abertzaleak. Lege antiterroristaren bidegabekeria salatzearekin batera, Aralarrek Rubalcaba barne ministroaren jarrera deitoratu du, "garai batean Mayor Orejak bake prozesuari emandako erantzun bera ematen ari baitzaio". "Espainiako estatuak, polizi, barne sail eta justiziaren tresneriaren bidez, Euskal Herriko gatazka politikoan aurrerapausorik ez duela emateko borondaterik agertzen ari da, eta gatazkarekin jarraitzeko duen asmoa erakusten ari da", gaineratu duenez. Jarrera hori alde batera utzi, eta Euskal Herria bake bidean jartzeko lanean has dadila eskatu dio Aralarrek Espainiako Gobernuari. Argazkian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldutako kartela.