Barinatxe hondartzako bainulariak aterarazi dituzte uretan obus zahar bat zegoelakoan

Atzo 120 pertsona inguruk Sopelako Barinatxe hondartza utzi behar izan zuten, obus zahar bat zirudien burdinazko objektu bat topatu zutelako. "El Correo Español" egunkariak zabaldutakoaren arabera, arratsaldeko 5etan Sopelako auzotar batek burdinazko objektu erdoildu bat topatu zuen hareatzan. Momentuan, hondartzako sorosleak abisatu eta hauek Ertzaintza deitu zuten. Handik gutxira, udaltzainak eta ertzainak bertara hurbildu ziren. Ingurua sokaz inguratu eta seguritate tartea ezarri zuten. Poliziek tokian zeuden bainulariei tokitik alde egin zezaten eskatu zieten. Marea arin igo zen eta objektua uraren azpian desagertu egin zen. Ertzaintzako lehergailuen espezialistak iritsi zirenean ezinezkoa zen ustezko lehergailua topatzea. Horrezkero lehergailu-espezialistek tokitik alde egin zuten objektua lehergailua zen edo ez jakin barik. Gaur arratsaldean, itsasaldiak uzten duenean, lanekin jarraituko dute poliziek. Hala ere, "El Correo Español"-ek jakinarazi duenez, hasiera batean baztertu egin dute elementu arriskutsu bat izan daitekeenik. Argazkian, bainulari batzuk Barinatxe hondartzan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun