Auto pribatuen erabilpena murriztea du helburu Getxoko Mugikortasunaren Asteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 14a, 20:25

Etzi hasi eta hilaren 22an bukatuko da Getxo udalerrian egingo den Mugikortasunaren Europako Astea. Aurten "Mugitu adimenez eta bizi hobeto" leloa aukeratu dute ekimenerako. Imanol Landa alkateak gogoratu duenez (mp3), "aste honen helburua da herritarrek mugikortasun iraunkorraz eta bizi estilo osasuntsuagoaz izateko kontzientziatzea bultzatzea". Horretarako, jai eta errebindikazio izaerako zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Udal arduradunek gogorarazi dute oinez eta bizikletaz ibiltzea modu jasangarrian bidaiatzeko bi aukera direla eta eguneroko ariketa fisikoa sustatzeko eginkizun garrantzitsuak izan daitezkeela. Alkateak herritarrak animatu nahi izan ditu "modu adimentsuagoan" mugitzera, autoaz abusatu gabe; eta horrela, hobeto bizitzen lagundu, "aire garbiagoarekin, estres gutxiagorekin eta osasun handiagorekin". Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Keltse Eiguren zinegotzia Getxoko Mugikortasun Astearen aurkezpenean / © Getxoko Udala.

Imanol Landak esan duenez (mp3), "badakigu mugikortasun iraunkorra izateko beharraren inguruko kontzientziazio lana ez dela aste bakarreko kontua. Lan jarraitua da eta, horri lotuta, besteak beste, bizikletaren erabilera sustatzen ari gara, ez bakarrik aisiarako, baita gure kiroldegietara, ikastetxeetara eta abar iristeko garraiobide moduan ere; 2011rako 33 kilometro izango dituen bidegorrien sarea eta hondartzetara eta bestelako interesguneetara autoa hartu gabe iritsi ahal izateko Getxobizi bizikletak alokatzeko zerbitzuarekin". Horrez gain, kaleetan partikularren bizikletak aparkatzeko lekuak jartzen ari dira apurka-apurka, gaineratu duenez. Landak gogoratu du Getxoko Udalak mugikortasun iraunkorrari "herriguneak eta merkataritza guneak suspertzeko jardunen bidez ere mesede" egiten diola, leku horietan oinezkoari lehentasuna ematen baitiote, hala nola, une honetan, Algortako erdigunean egiten ari diren jardunen bidez zein duela gutxi oinezkoentzat prestatu diren Urkijo (Areetan) eta Aurrezki Kutxa kaleetako (Itzubaltzeta / Romon) tarteen bidez. Bestalde, espaloiak zabaltzen ari dira Eduardo Coste kalean. Algortako erdigunean egiten ari diren lanen eraginez, aurten Mugikortasunaren Asteko ekitaldiak ezin izango dituzte auzo horretara eraman, aurreko edizio batzuetan bezala. Beraz, kaleko ekitaldi guztiak Areetan egingo dituzte.

Egitaraua:

Keltse Eiguren zinegotziak aurreratu duenez, Mugikortasunaren Astearen ekitaldiak datorren ostegunean, hilaren 16an, hasiko dira Algortako kultur etxean, Villamonten, 19:00etan proiektatuko den “Powaqqatsi” pelikularekin.

- Hilaren 17an eta 19an, Algortako eta Areetako erdigunetan, irailaren 22ko Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean, euren kotxea ez erabiltzeko eskatuko diete herritarrei. Joan den urtean 310 lagunek hitza eman zuten, sinaduren bitartez, autoa erabiliko ez zutela. Aurten kopuru hori gainditzea espero dute.

- Irailaren 18an, 19an, 20an eta 21ean bizikletaz ibiltzen ikasteko doako eskolak emango dituzte, eta urriaren 1ean eta 2an autoa era eraginkorrean gidatzeko eta erregaiak aurreztekoak. Horietan parte hartu nahi dutenek aldez-aurretik izena eman beharko dute, 944 660 191 telefono zenbakian edo ingurugiroa[abildua]getxo.net helbidean.

- Igandean, hilaren 19an, Areetako erdiguneko kaleetan trafikoa moztuko dute 08:00etatik 20:00ak arte jarduera ludikoak egiteko: besteak beste, ohikoa den bizikleta ibilaldia egingo dute Getxo udalerrian barrena, 12:00etan; eta Areetako Xake plazatik aterata eta patinez egiteko ibilbidea, 12:30ean. Halaber, patinaje eskola, pin-pon, mini-basket, bizikleten mailegua, puzgarriak... izango dira. Igande horretan autoak Areetako erdigunean trafikoa moztuta izango duten kaleetan dauden garajeetatik irten ahal izango dira soilik. Murrizketa horiek ez dute eraginik izango garraio publikoetan zein, aldez aurretik, Udalak baimendutako ibilgailuetan. Aurreko urteetan bezala, gidariei seinaleztatutako kaleetatik autoak erretiratzea eskatu diete aurreikusitako ekitaldiak ez oztopatzeko.

- Irailaren 22an, biztanleria orokorrean oztopo arkitektonikoek pertsona minusbaliatuengan eragiten dituzten mugikortasun arazoetara hurbiltzeko helburua izango dute “Nire tokian jar zaitez”, Bidaideak eta Bizkel elkarteen laguntzarekin egindako jarduerek. Horrela, 18:00etatik aurrera, Andres Larrazabal kalean partaideentzat eskuragarri jarriko dira hainbat gurpil-aulki, herri zirkuitu batean erabili ahal izateko eta aipatu arazoa zuzenean ikusteko.

- Aurten, “Getxo oinez” izenburupean, hainbat bisita gidatu eta antzeztu antolatu dira. Larunbatean, hilaren 18an, 11:00etatik aurrera, Getxoko ondare arkitektonikoa ezagutzeko gidatutako bisitak egongo dira. 19:00etan, berriz, Algortako Portu Zaharra bisitatuko dute. Eta hurrengo egunean, 12:00etan, Bizkaiko Zubian eta Areeta.

- Azkenik, Iberdrolaren ingurumenaren autobusak energia berriztagarriak era elkarreragilean eta ludikoan ezagutzeko aukera emango du eta, bide batez, energiaren erabilera arduratsua eta eraginkorraren giza-kontzientzia sortzen laguntzen du. Irailaren 16an, 17an, 18an eta 19an Areetako Xake plazan egongo da. Hilaren 20an, 21ean eta 22an, berriz, Areetako Eskoletako plazan. Egun guztietako ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun