Ehunaka auzokidek salatu dituzte bart Erandio eta Leioako kaleetan
Erika Bilbaoren eta beste zortzi lagunen atxiloketak. Legez kanpo jarritako Ekin erakunde politikoko zuzendaritza kideak direlakoan atzo goizaldean atxilo hartutakoak askatzeko aldarrikatu dute 84 pertsonak Erandioko zabalgunean. Bertan,
abokatuek ematen ari diren pausu guztiak azaldu dituzte (mp3), baita haien defendatuak torturatik babesteko neurririk ez hartzeko Grande-Marlaska epaileak darabilen "zorroztasuna" kritikatu ere. Leioan, berriz, tentsio uneak bizi izan dira manifestazioan ateratako 350 bat auzotarrak PSE-EEren egoitzaraino heldu direnean. Bertan, haien aurka oldartzeko mehatxua egin duten dozena bat ertzainekin egin dute topo, Espainiako Gobernuaren alderdiko egoitzara hurbil ez zitezen. Dena den, atxiloketen bidez PSOEk
konponbide demokratikorako bidea "zapuztu" nahi duela azaldu dute (mp3) bertan egindako balorazioan. Ordainean, ertzainetako batek harro erakutsi dizkie pilota-jaurtigailuan jarri dituen pegatina hori-gorriak. Erika Bilbao, komisarian, inkomunikazioan, "torturatua izateko arriskuan" egongo den bitartean, egunero elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Erandioko metro geltoki aurrean eta 20:00etan manifestazioa egingo dute Leioako Boulevardetik. Argazkian, Ertzaintza Leioan.