Legez kanpo jarritako Ekin erakunde politikoko zuzendaritzako kideak direlakoan
atzo goizaldean atxilotu zituzten Erika Bilbao eta beste zortzi euskal herritar. Errugabetasun presuntzioa urratuz, Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako bertsioa fidelki zabaldu zuten urrutiko zein gertuko hedabideek. Atxiloketen biharamunean, ordea, ohiko "filtrazioen" berririk ez dute eman albiste agentzia espainolek zein enparauek; mutu agertu dira gaur. "Gara" eta "Berria" egunkarietako edizio digitalak izan dira egoerari argi apur bat ematen bakarrak eta ez da onerako izan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu bezala, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta jarraitzen dute atxilotutako lagunak, atzodanik Madrilen direla. Bitartean, Fernando Grande-Marlaska epaileak itsu bezain gor jarraitzen du bederatzi lagunen abokatuek egindako eskaeren aurrean. Letraduek zein AAMk atzo bertan ohartarazi zuten "inkomunikazioak dakarren tortura arriskuaz". Egoera hori iraun artean, egunero elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Erandioko metro geltoki aurrean eta 20:00etan manifestazioa egingo dute Leioako Bulebarretik. Lehenago, Erika Bilbao eta beste zortzi lagunen gertukoek prentsaurrekoa egingo dute gaur Donostian, 17:30ean. Argazkian, PSOE, EITB eta "El Correo Español" egunkariaren kontrako kartela atzo Erandion.