Tranbia gauzatzea, etxeko karrajuan moketa jartzearen pareko, hiriko kaleetan trenbide batzuk kokatzea dela pentsa dezakeenik egon daiteke, eta ez da horrela. Halako tamaina duen proiektua izapidetzeak (arlo administratiboan, urbanistikoan eta ingurugiroan), ibilbide luzea eskatu du, zailtasun askorekin, eta zenbait gertaera gainditu behar izan da bidean, tarteko geltoki izan direnak: Leioako HAPO onartzea, Euskadiko Trenbide Plan Sektoriala, behin-behineko eta behin-betiko ibilbideak proiektatzea, Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioa, eta azkenik, eraikuntza proiektua. Horrez gain, protagonista ugarik eta anitzek hartu dute parte, proiektua gidatzeko makinistak izan direnak.
Eskerrak eman nahi dizkiet proiektua hezurmamitu den urte hauetan guztietan lan egin duten pertsona guztiei, arduradun publiko eta teknikoei. Beren ahaleginik gabe ez geundeke gaur egun gauden egoeran. Baina modu berezian, honako hauen ahalegina eskertu nahiko nuke: aurreko Eusko Jaurlaritzetako sailburuak, Alvaro Aman eta Nuria Lopez de Gereñu, eta euren lan-taldeak; lehengo Leioako alkatea, Karmelo Sainz de la Maza, eta bere garaian egon ziren pertsona, zinegotzi eta teknikariak; eta azkenik, EHUren aurreko errektoreak, Manuel Montero eta Juan Ignacio Perez Iglesias, euren taldeekin. Bidezkoa delako.
Eneko Arruebarrena Leioako alkateak gaur Leioa.eu udal webgunean argitaratutako artikulua.