Asteburu honetan, hilaren 18 eta 19an, “Euskara 20 minututan? Bai” lelopeko jarduera egingo dute Algortako Kasino plazan, 13:00etatik aurrera.
Getxoko Udalak jakinarazi duenez, Getxo Folk Jaialdian erabilitako karpa berbera jarriko dute bertan. Izan ere, aurtengo edizioan, berritasun modura, ekimena Algortan ere egitea pentsatu dute. “Euskara 20 minututan” antzezpenaren ostean, 20 minutuko euskara eskola laburra eskainiko dute, gure hizkuntza ikastearen zailtasunaren inguruan sortutako mito guztiak alde batera uzteko helburuarekin. Antzezpen ludiko eta didaktikoa Xabier Paya bertsolari algortarraren gidoietan oinarrituta dago, eta, besteak beste, agurrei, zenbakiei, familiari eta erosketak egiteko moduari buruzko euskarazko oinarrizko hainbat ideia landuko ditu. Itxaso Paya eta Jokin Ayerragaray aritu dira aktore antzezlanean. Euskara irakasleak, berriz, udalerriko Lauaxeta eta J.A. Agirre euskaltegikoak izango dira. Argazkian, "Euskara 20 minututan" ekimenaren antzezlana / © Getxo.net.