Tortura errealitate bat da Euskal Herrian. Egunotan guri tokatu zaigu amaiezinak diren bost egun hauek bizitzea, egunotan gure senideei tokatu zaie inkomunikazioaren infernuari aurre egin beharra. Aurrez, baina, milaka izan dira orain gu eta atxilotuak dauden herritarrak bizitzen ari garen egoeratik pasatu direnak.
Gure senideak militante politikoak dira, independentziaren aldekoak, eta hau ez dute inoiz ezkutatu. Gure senideek euskaltegietan lan egiten dute, mugimendu feministan, auzo elkarteetan, naziogintzan edo ezker abertzalean. Gure senideen lana goraipatu nahi dugu, lan politiko eta soziala, erabat gardena eta zilegia.
Polizi operazio honekin oinarrizko eskubideak ukatuak izan zaizkie une honetan atxiloturik jarraitzen duten lagunei. Giza eskubideak ukatu zaizkie, inkomunikazioak pertsonaren duintasuna bortxatzen duelako. Eskubide politikoak ukatu zaizkie, lan politikoa egitea eta proiektu politiko bat defendatzea espetxearekin ordaindu beharko dutelako. Eskubide zibilak ukatu zaizkie, atxilotuak jada epaituak eta zigortuak izan baitira komunikabide handien eta Barne ministerioaren eskutik.
Herri hau sufrimenduaren zirkulu itxitik atera behar dugu. Beste egoera batera eraman behar dugu herri hau, guk ezagutu ez dugun bake eta justizia egoera belaunaldi berriek ezagutu dezaten. Bide horretan mugimendu oso positiboak ikusi ditugu azken asteetan, eta ziur gaude astebeteren buruan etorri diren debeku eta atxiloketek bide hau oztopatzea baino ez dutela bilatzen. Rubalcabak errepresioa iragarri zuen pasa den astean, eta egun gutxi behar izan ditu gerrarekin itsutua jarraitzen duela erakusteko.
Errepresioaren xedea demokrazia eragoztea da. Errepresioa aldarrikatzen duenak demokrazia ukatzen du. Errepresioa ospatzen duenak bakea eragotzi nahi du.Zentzu honetan herri honetara bake eta demokrazia egoera bat ekartzeko beharrezkoa izango da errepresioa geldiaraztea. Beharrezkoa izango da errepresio bidea indargabetzea, errepresioa ezinezkoa egitea. Beharrezkoa izango da salaketa eta mobilizazioa.