Isilpeko borroka hau gutxi balitz, Angoleko presoek esaterako, noiznahi gendarmeriaren bisitak jasan behar izaten dituzte: egun osoko argiztatzeak, kolpeak, irainak... Presondegiko araudiaren arabera, gose greban aritzea jarrera desegokia da, beraz zigortzeko beste modu bat eskaini die legeak. Angol, Temuko eta Valdiviako espetxeratuen bitartekari-bozeramaileak ere atxilotu egin dituzte, kartzelak orain arte izan dena izaten jarraitu dezan: isolamendua. Irailaren 11ko gertakizunen harira heldu ziren azken atxiloketa hauek, urtero gertatzen dira istiluak Allenderen aurkako estatu kolpearen urteurrenean, baina aurtengo protestak lurraren jendearen aldeko mezu bilakatu dira, bozeramaileak isilarazi dituzten arren.
Asteotan, ospakizunetan ari dira Txileko agintariak, 200 urte igaro omen estatua sortu eta askatasuna lortu zutenetik. Transnazionalek gutxienez izango dute zer ospatua: orain arte behintzat maputxeei lurrak ostu eta bi mende aberastasun pilatzeko adina askatasun eman diete eta. Bitartean maputxeak itsaso baten aurka igerian eta geratzeko asmorik gabe gainera, gose grebalariek bataz beste 18 kilotik gora galdu badituzte ere. Baina herrion mundu honetan ehunka izan dira elkartasun internazionalista eskaini dieten lagunak eta Askapenetik ere, gure besarkadarik beroena eskaini nahi dizuegu lurraren jendeari, hemen ere, errepresio olatuek geratzeko asmorik ez duten honetan:
Gernika U-16, herriok independentzia!
Marichi weu! marichi weu!