Datorren ostegunean, irailak 23, Metro Bilbao garraio enpresako arduradunekin bilduko dira langileen ordezkariak, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Enpresa Batzordeak joan den astean erabaki zuen zuzendaritzari ahalik eta lasterren batzeko hitzordua eskatzea, aldi baterako lau beharginei kontratua zergatik ez dieten berriztatu argitzeko asmoz. Batzar horretan, "lanpostuak deuseztatzeko politika berriari buruzko azalpenak" eman eta kaleratutako langileak berriro har ditzatela exijituko diete Metro Bilbaoko arduradunei. Ildo horretan, egungo hitzarmen kolektiboan jasotako lan baldintzak eta akordioak errespetatzea eskatuko diete. Atzo egindako bilkuran aho batez onartu zuten mobilizazio egutegia ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Ostegunean bertan, garraio enpresako bulego nagusian (Nafarroa, 2 / Bilbo) egingo dute elkarretaratzea, konpainiako arduradunekin batzartu baino ordu erdi lehenago, "Ez murriztu lanposturik Metro Bilbaon!" lelopean. Argazkian, mobilizazio egutegia adostu dute metroko langileek / © Koska irratia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!