Bestalde, ezker abertzalearekin batera "herri hau askatasunera" eramango dutela ziurtatu dute Gazte Independentistek: "Kaleak astintzen jarraitzeko garaia da! Borrokarako garaia da! Independentziaren eta sozialismoaren alde lanean jarraituko dugu! Inoiz baino gertuago dugu askatasunaren atea eta ez dugu aukera hau alferrik pasatzen utziko", adierazi dutenez.
Gazte Independentistek atzo zabaldutako oharra:
Hasteko, gazte independentiston babes guztia eta besarkadarik beroena helarazi nahi diegu atzo Guardia Zibilak atxilotu zituen bederatzi euskal herritarrei. Eutsi gogor! Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu une latzotan euren senitartekoei eta lagunei ere, zoritxarrez denok baitakigu uneotan bederatzi euskal herritarrok torturatuak izateko arrisku larrian daudela. Egun beltza izan zen atzokoa.
ETA erakunde armatuak eraso ekintza armaturik ez egiteko hartua duen erabakia jakinarazi eta astebete eskas besterik pasa ez denean, espainiar estatuak berak dakien era bakarrean egin dio ekarpena: atxiloketekin eta torturarekin. Honela, hitzez egindako mehatxuak egia bilakatu ditu Perez Rubalcaba gerra ministroak. Lopez jauna ahoa giza eskubideez eta demokraziaz betetzen ari den bitartean, Intxaurrondon, Madrilen edo batek daki non bederatzi euskal herritar eskubide horiek zer diren ere ez dakiten Guardia Zibilen eskuetan daude.
Eta zergatik hau? Independentziaren eta sozialismoaren alde lanean jarduteagatik, bestelako herri baten alde jarduteagatik atxilotu dituzte ezker abertzaleko kideok. Beste behin ere argi utzi du espainiar gobernuak edozer egiteko prest dagoela ezker abertzalearen ekinbidea zangotrabatu eta irekitzen ari den ziklo politiko berria oztopatzeko. Rubalcabak bere adierazpenetan atxiloketokin "ezker abertzalearen mobilizazio gaitasuna nabarmen mugatu" dutela gogoratzea komeni da. Honekin argi utzi du gerra ministroak herri mobilizazioari eta aktibazioari dion beldurra.
Baina ez dute nahi dutena lortuko! Ezker abertzaleak eta gazte independentistok herri hau askatasunera eramateko determinazio osoa daukagu! Kaleak astintzen jarraitzeko garaia da! Borrokarako garaia da! Independentziaren eta sozialismoaren alde lanean jarraituko dugu! Inoiz baino gertuago dugu askatasunaren atea eta ez dugu aukera hau alferrik pasatzen utziko.
Gazte independentistok euskal gazteriari eraso honen aurrean kalera ateratzeko deia luzatu nahi diogu. Ostiralean ikastetxeetan mobilizazioak burutuko ditugu. Era berean AAMk deitzen dituen mobilizazioei ere gure atxikimendua adierazten diegu eta bertara joateko gonbita luzatzen dugu.
Gazte independentistak, 2010eko irailaren 15ean.