Lehenengo fase pilotu batean, 122 auzokideri eskainiko zaie sistema ipintzeko aukera. 85 urtetik gorakoak, bakarrik edo 65 urtetik gorakoekin bizi diren herritarrak izango dira. Aukeratutakoek beren etxera joateko eguna eta ordua zehazteko telefono deia jasoko dutela esaten duen eskutitza jasoko dute, alkateak azaldu zuenez (mp3). Baietz erantzutekotan, ondo identifikatutako teknikari bat haien etxera joango da eta, etxebizitza aztertu eta hainbat gomendio eman ostean, behar diren suen kontrako detektagailuak jarriko ditu. Horretarako ez da obrarik egin beharko; doakoa izango da. Esperientzia hori positiboki baloratzen badute, Udalak gainontzekoei, 846 lagunei guztira, eskainiko die zerbitzu berdina. Hasierako fase horren gastua 17.995 eurokoa izango da, tokiko erakundeak ordaindutakoa.
Suteak saihesteko sistema
Esan bezala, sistema hori ipintzea onartu dutenen etxera teknikari bat hurbilduko da eta etxebizitzaren arrisku posibleei buruzko azterketa egingo du (gasaren ikerketa, galdara, aireztatzea, instalazio elektrikoa, estufak...). Segurtasun oinarrizko ideiak ere azalduko dizkie nagusiei, baita prebentzio eta segurtasun esku-liburua eman ere. Ondoren, suen kontrako detektagailuak jarriko dituzte (normalean batekin nahiko izaten da). “Horiek kea detektatzen dute eta alarma ozen bat jotzen dute, sutearen presentziaz abisatu eta etxetik atera ahal izateko. Hotsa oso altua denez auzokideek ere entzun dezakete. Hori kasu batzuetan oso garrantzitsua izaten da”, azaldu zuen Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak (mp3). Azkenik, etxebizitzaren mapa egingo dute, sutea piztekotan ahalik eta hoberen atera ahal izateko. “Oso garrantzitsua izaten da eraikinera eta etxebizitzara heltzeko modua ezagutzea, hori egokia bada ondo atera ahal izango baitira”, gaineratu zuen Coriak.