Bihar, ostirala, Erandioko Lutxana auzoko jaiak hasiko dira. Arratsaldeko 7etan, festei hasiera emango diete ohiko txupinazoa dela medio. 21:30ean, berriz, pintxo dastaketa izango da bertara hurbilduko direnentzat. Behin sabela beteta, ordu erdi beranduago, 22:00etan, mahai-futbol txapelketari ekingo diote lutxanatarrek. Ondoren, gaua alaitzeko, 23:00etan dantzaldia izango dute. Hurrengo egunean, larunbatarekin, goizeko 11:30ean haurrentzako jolasak izango dira. Eguerdian, ordea, tortilla txapelketaren txanda helduko da. Baina hori ez da goizeko lehiaketa bakarra izango, 12:30ean igel txapelketaren norgehiagoka hasiko baita. 14:30ean, herri bazkariaz gozatu ahal izango da. Eguna borobiltzeko, 20:00etan mozorro lehiaketa burutuko dute. Azken egunean, igandean, eguerdian Erandioko Udal Musika Banda arituko da auzoko kaleetan. 17:30ean, umeentzako pailazoak arituko dira eta ordu erdi beranduago, mus txapelketan arituko dira kartetan jolastea gustuko dutenek. Azkenik, jaiei amaiera emateko, 19:00etan, auzotarrek txokolatada egingo dute. Argazkian, Erandioko Udal Musika Banda arituko da igandean.