Gaur, osteguna, hiru egun bete dituzte Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta
asteartean atxilotutako Erika Bilbaok eta beste zortzi euskal herritarrek. Oraindik, ordea, haien berririk ez dauka senide eta lagunek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) adierazi duenez. Eta litekeena da inkomunikazio aldia luzatzea. Gaur bertan Iñigo Lamarca Arartekoari zein Francisco Javier Eneriz Nafarroako Herritarren Defendatzaileari –idazkari batek hartu du salaketa– helarazi diete euren kezkak. "Atxilotuek torturak jasaten ari daitezkeela" ohartarazi diete. Auzitegi Nazionalari "atxilotuen segurtasuna berma dezala" eskatuko dioneko hitza eman die Lamarcak, Torturaren Aurkako Taldeak ezagutzera eman duenez. Dena den, bihar ere elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Erandioko metro geltoki aurrean eta 20:00etan manifestazioa egingo dute Leioako Boulevardetik. Gaur 60 eta 200 bat herritar batu dira, hurrenez hurren. Argazkian, atzo bezala, gaur Leioako PSE-EEren egoitzara heltzea galarazi diete manifestariei dozena bat ertzainek. Horietako bat uneoro egon da bideoz grabatzen.