Getxoko Gobernu Taldeak eta Andra Mari Gure Lurra auzokideen elkarteak adostutako hitzarmenaren arabera, Getxo inguruan "egun dauden etxebizitzan mantentzeari emango zaio lehentasuna", Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria idazteko orduan. Aipatu akordioa Bozeramaileen Batzordean eman du ezagutzera gaur Imanol Landa alkateak eta hurrengo udal osoko bilkuran eztabaidagai izango dute. Horrenbestez, inguru horretan, "lurzoru urbanizagarria zein den zehazteko orduan, egungo etxebizitzak mantentzea oinarrizko eta lehentasunezko irizpideen artean" jartzea adostu dute. Erabaki hori Udalak kontratatu behar duen HAPO berria idatziko duen talde teknikoari igorriko zaio eta, Getxon, lurzoru urbanizagarrian eraikin batzuk elkartuta daudela jakinda, horiek "hiri gune berriak bezala izendatzeko aukera" kontuan hartzea iradokiko zaio; baita horien mugetatik oso hurbil dauden etxeak sartzea ere. Ondoren, etxebizitzak era onean mantentzeko edo zaharberritzeko eskatuko diren lan baimenak ematea aztertuko dute. Argazkian, 2007ko urtarrilaren 28an, azken urteotako manifestaziorik jendetsuena burutu zuten auzotarrek, Getxon 8.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzearen kontra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!