Proiektuak garraio jasangarria bultzatuko du, aipatutako tokietara heltzeko autoen erabilera murriztuko duelako. “Garraiobide publikoa izango da, ez kutsakorra, erosoa eta arina”, adierazi zuen Landak. Era berean, aipatu zuen “proiektua ez dela jarduera isolatua, baizik eta Getxo modernizatzeko prozesuaren barrukoa, Ereagako igogailua, Bidezabalgo eta Salsiduko sarbide mekanikoak eta Villamonteko eta Aiboako igogailuak bezalako errealitate zoriontsuak bezala, hamaika getxotarren bizitza errazago eta erosoago egiten dutenak”.
Beste ezaugarri batzuk
Igogailuek 28 metroko manda gaindituko dute: lehenengoak (Arenetik Euskal Herria kaleraino) 12,5 metrokoa, bigarrenak (Euskal Herria kaletik J.B. Uribarrira) 9 metrokoa; eta hirugarrenak (J.B. Uribarritik Alangora) 7 metrokoa. Kristalezkoak izango dira, egitura modernoa, argiztapen propioa eta zaintze sistemarekin. Aldi berean, 3 eskailera zatik osatutako oinezkoentzako ibilbidea egiteko lanak ere egingo dituzte. Joseba Arregi zinegotziak esan zuenez, “mota honetako igogailua jartzea erabaki da, mantentze eta ekonomi arrazoiez gain, Aiboan dagoen kremailera moduko igogailua ez zelako teknikoki posiblea. Gainera, irisgarritasunarekin zerikusia duten gainontzeko proiektuekin egin den bezala, oraingoan ere FEKOOR minusbaliotasun fisikoa edo organikoa duten pertsonen federazioaren oniritzia izan du“. Lanen aurrekontua 1.585.000 eurokoa izango da, Espainiako Gobernuak diruz lagunduta.