Urriaren 4an, asteartea, abiatuko dira Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak 2010-2011 ikasturterako aurreikusitako euskara ikastaroak. Bitartean, irailaren 29ra arte egongo da zabalik matrikulazio epea. Eskualdeari dagokionez, "izena emateko edo informazioa eskatzeko ordutegiak ezberdinak dira leku bakoitzean, baina orokor bat jartzearren: goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara", azaldu du Iratxe Marta Uribe Kostako AEKko arduradunak. Aurten berrikuntza ugari gehitu diote betiko eskaintzari. Besteak beste, Urduliz eta Lemoizen ere bulego bana izango da irail osoan zehar, matrikula egin ahal izateko. "Horren asmoa, ikasturtean zehar bertan ere taldeak egotea da", Martak aipatu duenez. Argazkian, Uribe Kostako AEKko arduradunak aurreko prentsaurreko batean.
Bestalde, mankomunitateko hainbat herritan gurasoei zuzendutako euskalduntze ikastaro laburragoak eskaintzen jarraitzeaz gain, bizkaiera ikastaroa ere egongo da aukeran ikasturte honetan. Irakasleentzat, “Hura ikusi, ha ikasi” materiala lantzeko ikastaro berezia ere antolatu dute. Institutu eta ikastetxeetako ikasleentzat, berriz, mailei begirako ikastaro trinkoak izango dira. Azkenik, bakoitzak etxetik bertatik ikasi ahal izateko metodo mistoa (ikasgel@) eskainiko dute. Eta horrez gain, ezin ahaztu ikasturte honetan zehar 17. Korrika etorriko zaigula.
Guztiaren berri izateko edota izena emateko hainbat modu daude:
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.