Hainbat telebista katek euren albistegietan zabaldu dutenez, Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta eta Erika Bilbao ere baldintzarik gabe espetxeratzea agindu du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, 12:00etan hasita deklarazioa hartu ostean. Rosa Iriarte, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran, Joxe Aldasoro, Sandra Barrenetxea eta Eneko Compains atzo sartu zituzten Soto del Real (Madril, Espainia) espetxean, bere aginduz. Legez kanpo utzitako Ekin erakundeko kide izanda "ETAren komisario politikoak" izatea leporatzen diete
astearte goizaldean atxilotutako bederatzi herritarrei. Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik egon diren bitartean,
"tortura basatiak" jasan dituztela salatu zuten Grande-Markaren aurrean atzo deklaratu zuten seiek. Gaur lurraldeko manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Argazkian, Erika Bilbao Guardia Zibilaren eskuetan asteartean.