Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:
Bederatzi militante independentistek jasotako torturak Espainiako Barne Ministerioan erabaki eta diseinatuak izan direla argi dugu. Argi dugu halaber, une honetan tortura hain basatiak erabili izana ere erabaki politikoa izan dela. Espainiako Gobernuak Euskal Herrian irekitzen ari den fase berriaren aurrean errepresioa iragarri zuen, eta bortxakeria izugarria jarri du mahai gainean ETA erakundearen distentsio keinutik egun gutxitara.
Espainiako Gobernuak Euskal Herrian abian den prozesu politikoan eragin nahi du atxiloketa eta tortura latz hauen bidez. Espainiako Gobernuak errepresioaren apustu itsuan jarraitzen duela erakutsi nahi izan du. Polizia operazio honekin eta torturaren erabilpenarekin mezu politiko argia bidali du Euskal Herrira. Mezu honek errepresioa iragartzen du, tortura, espetxea, sakabanaketa eta muturreko espetxe politika. Honekin batera Ezker Abertzaleko kidegoaren artean benetako beldurra hedatzea bilatzen dute tortura larri hauekin, une hauetan ehunaka baitira antzeko polizia operazioen jomugan egon daitezkeen militante politikoak.
Atxilotuei egindako galdeketetan etengabe atera dira Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko galderak, baita ezker abertzalearen barne egoeraren ingurukoak ere. Honek, Euskal Herrian abian den prozesu politikoaren aurrean Espainiako Gobernuak duen urduritasuna erakusten du. Herri honetan mugimendu politiko sakonak ematen ari dira eta Espainiako Gobernuak beldurra die Euskal Herrian abian diren ekimen politiko berriei. Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik irailaren 11rako deituriko manifestazio zabalaren debekua da beste adibide argi bat.
Azken polizia operazioarekin oinarrizko giza eskubideak zapaldu ditu Espainiako Gobernuak, atxilotuak basatiki torturatuz. Honez gain Euskal Herrian lan politikoa egitea torturarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin zigortua dela erakutsi du.
Tortura helburu politikoekin erabiltzen da euskal militanteen aurka. Espainiako Gobernuak erabakitzen du tortura erabiltzea, Espainiako segurtasun indarrak dira tortura praktikan erabiltzen dutenak, Espainiako Entzutegi Nazionalak torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabiltzen ditu herritarrak espetxeratzeko. Komunikabide eta erakunde nagusien isiltasunak posible egiten du tortura kasu berriak eman daitezen, tortura ezkutuko errealitate bat bihurtzen dutelako.
Kasu honetan ikusi dugun bezala torturaren bidez informazio politikoa lortzen dute, torturaren bidez egoera politikoan beraien mezua ematen dute, torturaren bidez beldurra hedatzea bilatzen dute.
Azken tortura kasu larri hauen aurrean Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jarrera argiak eskatu nahi ditu. Erakunde politikoei, alderdiei, sindikatuei Arartekoari eta eragile sozialei basakeria honen aurrean konpromiso argiak hartzeko deia egiten diegu.
Bederatzi torturatuei eta beraien senideei gure berotasuna eta babesa eskaini nahi diegu une hauetan.
Aski da!
Torturarik ez!
Errepresioa gelditu!