Alternatiba Española (AES) alderdi espainol ultraeskuindar katolikoak
"Gecho"-rako (sic) web orria ireki du, Facebook sare sozialaren bidez.
Sare Antifaxistak jakinarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dituen "militante eta zaleekin" harremanetan izateko hainbat orri zabaldu du AESek,
autonomia mailako webgunea irekitzearekin batera. Getxo udalerriko orria da Bizkaian ireki duten bakarra eta 16 pertsonek baino ez dute gustuko. Gipuzkoari dagokionez, Andoain, Astigarraga, Irun, Oñati, Zumarragan eta baita Lizartzan ere izatea aldarrikatu dute. Araban, berriz, Bastida, Lekora, Mañueta eta Lantziegon militanteak edota zaleak dituztela diote. Alderdia 2003an sortu zen Fuerza Nueva argitaletxearen babesaz eta Blas Piñar faxista ezaguna du ohorezko presidente. 2008n 7.300 boto eskuratu zituen Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Argazkian, pasa den urtarrilaren 23an, V nazio-asanblada burutu zuen AESek eta bertan datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuten / © AES.