Ostiralean Erandion hasi eta asteburuan zehar Uribe Kosta zeharkatu duen
UK Martxa atzo bukatu zen Plentzian. Goizeko 9:30ean Sopelako udaletxeko plazan gazteria eta errepresioaren inguruko hitzaldia egin ostean, Plentziarako bidea hartu zuten neska-mutilek. Kostaldea zeharkatu eta, Barrikan, gudariei omenaldia egin zieten martxan ibilitako 50 bat lagunek. Ostean, bideari ekin zioten berriro eta, 13:30ak aldera, gazteak Plentziako hondartza aurreko pasealekura heldu ziren. Bertan, ekitaldi nagusia egin zuten. Horretan, "egun Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren garrantziaz" hitz egin zuten, baita gazteak horrekiko hartu behar duten "konpromisoaz" ere. Eskualdeko preso politikoak, eta bereziki, azkenengo sarekadan atxilotuak izan diren herritarrak gogoratu zituzten, baita 2009ko abenduan atzeman zuten Xabier de la Maza gorliztar gaztea ere. Argazkian, neska-mutilak ekitaldia egin zen tokira heldu berriak.